Antonio Basagoiti eta Pello Urizar lehen aldiz bildu dira

Urizar eta Basagoiti bilera hasi aurretik
Foto: Europa Press
Actualizado: jueves, 12 enero 2012 15:21

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

   Antonio Basagoiti Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) PPko presidentea eta Pello Urizar Eusko Alkartasuna (EA) idazkari nagusia bildu dira gaur PPren Bilboko egoitzan. Bi buruzagi politikoek elkarrekin duten lehenengo bilera izan da.

   Bilerak ordu eta laurden inguruko iraupena izan du, eta bukatu ondoren adierazpenak egin dituen lehena Urizar izan da. Bi alderdien artean komunikazio "egonkorra" izatea adostu dutela jakinarazi du EAko buruzagiak, eta horrek akordioak lortzea erraztu dezakeela nabarmendu du.

   ETAko presoen egoeraz ere hitz egin dute bileran, eta Urizarrek Basagoitiri adierazi dio PPren gobernuekin -Jose Maria Aznar presidente zeneko garaiari aipu eginez- presoak hurbiltzeko pausoak eman baziren, egungo Espainiako Gobernuak ere eman ditzakeela.

   Halaber, Espainia mailako PPri euskal gizartearen errealitatea azaltzeko zeregin "oso garrantzitsua" dutela adierazi dio Urizarrek euskal PPko buruzagiari. Gainera, Urizarrek esan du, funtsean, Basagoitik onartu egin duela euskal gatazkan "jatorri politikoa" dagoela.

BASAGOITI

   Ondoren, Basagoitik prentsa agerraldia eskaini du. Bertan, esan du Urizarri jakinarazi diola ez dela amnistiarik izango da ETAko presoentzat eta ez dela ezker abertzalearekin bilduko ETA desagertu arte eta ezker abertzaleak "egindako kaltea" aitortu arte. Gainera, Urizarrekin EAko idazkari nagusi moduan bildu dela zehaztu du.

   ETAko presoen gaiari dagokionez, Basagoitik bere eta Espainiako Gobernuaren jarrera azaldu dio EAko buruzagiari. Horrela, legea bete behar dela eta presoekiko tratamendua "banakakoa" izan behar dela adierazi dio. "Ezin da ez zigorgabetasunik ezta amnistiarik egon", esan du.

   Bestalde, Urizarrek aurretik esan du Basagoitik aitortu egin duela euskal gatazkak "jatorri politikoa" duela, eta PPko buruak argitu du gatazka politiko ugari daudela munduan eta ez dela "erahil". Basagoitik onartu du gatazka politikoa dagoela ezberdintasun politikoez eta identitateez hitz egiten bada, baina ez "ETAz hitz egiten bada". Halaber, Urizarri adierazi dio "bi aldeen arteko gerrarik" ez dela egon, baizik eta "erahilketak egin dituen talde armatu bat".