Antzerkia eta dantza uztartzen dituen "Akaziaren jokoa" ikuskizuna izango da ostiralean Ondarroako Kafe Antzokian

Ikuskizunaren kartela
MEDICUS MUNDI BIZKAIA
Actualizado: miércoles, 23 febrero 2011 18:10

BILBO, 23 Feb. (EUROPA PRESS) -

Medicusmundi Bizkaiak, Abstratosfera antzerki taldeak eta Djelia Taama Musso Afrikako eta Euskal Herriko emakumeen kulturarteko elkarteak, "Akaziaren jokoa" izeneko antzerki eta dantza ikuskizuna aurkeztuko dute ostiralean Ondarroako (Bizkaia) Kafe Antzokian, Udalaren laguntzaz. Saharaz azpiko Afrikan bizi direnekiko enpatia sortzen duen muntaia da "Akaziaren jokoa", bere arduradunek adierazi dutenez. Saioa 20:00etan hasiko da eta sarrera dohainik da.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako medicusmundi elkarteak bi urte baino gehiago daramatza lanean Afrikaren eta Europaren arteko sentsibilizazio kanpainan, "Stop Malaria Now!" izenburu hartuta. Burutzen ari diren jardueren artean aipatzekoa da "Akaziaren jokoa" izeneko antzezlana sortu izana; 2010eko apirilean estreinatu zen Gasteizen eta hara-hona eramateko asmoa dute orain.

"Akaziaren jokoa" ikuskizunak duen helburu nagusia ikusleei Saharaz azpiko biztanleenganako enpatia sortzea da, eta aldi berean, pobreziak eta malariaren zigor latzak dakartzan ondorioak ikusaraztea.

Abstractoesfera antzerkiko kultur elkartea da "Akaziaren jokoa" antzezlanaren egilea. Antzezlan-ikuskizunean dantza garaikidea eta antzerkia uztartzen dira, eta Djelia Taama Musoo Afrikako eta Euskal Herriko emakumeen kulturarteko elkarteak Afrika erakusten du musika eta dantzaren bidez. Djelia Taama Musoo elkartea euskal gizartea kontzientziatu eta sentsibilizatu nahian dabil Afrikako emakumeen egoerari buruz, bai jatorrizko herrialdeetan, bai eta harrera-herrialdeetan ere.