Arabako 2017-2020 Kulturaren Plan Estrategikoak kultura herri erakundeen politiken erdigunean kokatu nahi du

Bibat museoa, Gasteizen
ARABAKO ALDUNDIA
Actualizado: viernes, 9 junio 2017 11:53

GASTEIZ, 9 (EUROPA PRESS)

Arabako Foru Aldundiak 2017-2020 aldirako Arabako Kulturaren Plan Estrategikoa aurkeztu du ostiral honetan Batzar Nagusietan. Parte hartzeko plan bat da, kultura politikarako erreferentzia eta gidari izateko asmoa duena, kultura Arabako politika publikoen erdigunean kokatu nahian.

Hala azaldu du Igone Martinez de Luna Arabako Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatuak, era horretan legealdiko plan estrategikoaren helburu nagusietako bat betez, hau da, kultura berez balio estrategikoa duen zerbait bihurtzeko bide ematen duen dokumentu bat gertatzea.

"Planak arlo honetako Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren lehentasunezko jarduera ildoak jasotzen ditu. Gure lurraldeko kultura bizitzaren oso alderdi desberdinetan eragina izan nahi du, eta sektore horren aldeko laguntasunak piztu, bultzada behar baitu, bai gure gizartean berez duen garrantziarengatik, bai herri bizitzaren hainbat alderditatik tira egiteko eta balioak sortzeko duen ahalmenarengatik", azaldu du Martinez de Lunak, Batzar Nagusiek plana aho batez onartu aurretik.

Arabako Kulturaren Plan Estrategikoa egungo testuinguruan bideragarriak diren sei programa osagarritan eratzen da: koordinazioko eta sareko programa, prestakuntza eta kualifikazio profesionaleko programa, finantza alorreko dibertsifikazioa sustatzekoa, kultura erakundeak sendotu eta berriztatzekoa, sorkuntza eta praktika garaikideak sustatzekoa eta, azkenik, harremanetako, publikoen garapeneko eta sentsibilizazio publikoko programa.