Arabako 600 gazte kultura ekintzaileko programetan ariko dira Ajebasken eta Vital Kutxaren arteko hitzarmenari esker

Actualizado: jueves, 26 marzo 2015 16:28

GASTEIZ, 26 (EUROPA PRESS)

   Arabako 16 eta 30 urte bitarteko 600dik gora gaztek ekintzailetzari eta autoenpleguari buruzko prestakuntza jasoko dute, Vital Kutxaren Gizarte Ekintzak eta Arabako Gazte Ekintzaileen Elkarteak (Ajebask) sinatutako hitzarmenari esker. Ekimeneko parte hartzaileak Lanbide Heziketako erdi eta goi mailetako ikasleak dira.

   Duela ia bi hamarkadatik Ajebask Arabako gazteen artean kultura ekintzailearen hazia hedatzeko lan egiten du, hain zuzen ere, "zailtasun ekonomikoek markatutako garai hauetan are eta garrantzi handiagoa duen jarduera batean". Halaber, "arabar gizartearekin duen konpromisoarekin leial", Vital Kutxaren Gizarte Ekintza "gogoz eta egitez sartu da, gaur egun dagoen langabezia handia nolabait oneratu asmo duen ekimen honetan", bi erakundeotako arduradunek adierazi dutenez.

   Kultura ekintzaileaz sentsibilizatzeko egitasmoa 600 bat gazterengana iritsiko da. Gazte horiek Arabako 16 eta 30 urte bitartekoak eta 23 ikastetxetakoak dira, zehazki, Lanbide Heziketako erdi eta goi mailetakoak.

   Dagoeneko martxan dagoen ekimen honen helburuak kultura ekintzailea sustatzea eta gazte ekintzaile batek bere negozio ideia garatzeko behar dituen baliabideak arakatzea dira. Gainera, aldi berean, gazteengan enpresarako kezka eta bokazioa piztu nahi da, eta, horrekin batera, proiektu bat abian jartzearen oinarrizko elementuak eta printzipioak ezagutzen eta identifikatzen irakasten zaizkie.

   Era berean, informazioa, gogoeta, eztabaida eta gazte jendearen arteko elkarrizketa sustatzen dira, bai eta beraien eta lan merkatuarekin, langabeziarekin eta autoenpleguarekin zerikusia duten beste sektore batzuen artekoa ere. Ikasle interesatuen eta enpresa proiektu berriak sustatzen ari diren gazteen arteko elkarrizketa eta esperientzia elkartrukea ere sustatzen dira.

ARIKETA PRAKTIKOAK

   Programaren barruan 12 egun ikastetxeetan ere sartzen dira, gehienbat praktikoak. Ardatz nagusia da parte hartzaileen artean informazio espezializatua ezagutaraztea, enpresari gazte zenbaiten esperientzietan oinarrituta eta halako solasaldi antzeko bat eratzeko aukerarekin, arloko aditu batzuk bertan direla haien zalantzak argitu ahal izateko.

   Horretarako, jardunaldietan taldeko dinamikak ere gehitu dira, ariketa praktikoen bitartez zenbait alderdi aztertzeko, besteak beste, lan merkatua, ideiak sorrarazteko teknikak eta sormena, enpresa ekimen bat abian jartzea eta Business Model Generation - Canvas delakoa prestatzea.

   Autoenpleguaz eta ekintzailetzaz sentsibilizatzeko jardunaldi horietan parte hartu nahi dutenek apuntatu ahal dira telefonoz 945 121 929 zenbakira deituta edo ajebaskalava@ajebaskalava.es posta elektronikora idatzita.