Arabako Aldundiak 1.400.000 euro esleituko dizkio 2017an Araba Berritzaile programari

Actualizado: martes, 31 enero 2017 14:45

GASTEIZ, 31 (EUROPA PRESS)

Arabako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak ia 1.400.000 euro esleituko dizkio Araba Berritzaile programari 2017. urtean. 48.000 euro autonomoentzat izango dira, 75.000 euro elkarteentzat eta gainerakoa Araban gutxienez jarduera zentro bat duten ETEei, jarduketa berritzaileak gauza ditzaten. 2016an 155 elkartek jaso zuten laguntza lerro horren babesa.

Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiaren hitzetan, berrikuntzaren alde egitea "behar beharrezkoa" da Arabako ekonomiaren hazkunderako eta jasangarritasunerako. Horregatik, "ezinbestekotzat" jo du jardun berritzaileak babestea, "herri administrazio guztiekin eta sistemako gainerako eragileekin lankidetzan jardunez eta elkarren osagarri izanik, eta horretarako konpromisoa hartu behar da tokian bertan, Arabako elkarteei laguntzeko, ekonomia eta gizarte gero eta globalizatuagoa ekarri duen XXI. mende honetako erronka, lehia eta aukerei aurre egin diezaien".

Aurtengo berritasunen artean, erakunde eskatzaile bakoitzeko urteko gehieneko muga 50.000 eurora igo da, 4.0 Industria diruz lagungarri den jarduntzat hartu da berariaz eta jardunak balioesteko irizpideak zabaldu dira. Beste berritasun bat da eskaerak bitarteko elektronikoen bidez aurkezteko aukera dagoela Arabako Aldundiaren egoitza elektronikoan (https://e-s.araba.eus). Eskaera orria eskuragarri dago www.araba.eus/AyudasDesarrolloEconomico web orrian.