Arabako Aldundiak 3.000 zuhaitz landatu ditu Uribarri Ganboan gerriko berdea sortzeko

Zuhaitzak landatu dituzte Uribarri Ganboan
ARABAKO ALDUNDIA
Actualizado: martes, 3 enero 2017 13:08

GASTEIZ, 3 (EUROPA PRESS)

Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Sailak gerriko berdea sortu du Uribarri Ganboako urtegiaren perimetroan, bertako 3.000 zuhaitz espezie landatuz. Gune berria iragazki naturala izango da eta uraren kalitatea hobetuko du. Zehazki, ibaiertzeko espezieak landatu dira uretatik gertuen dauden guneetan, hala nola lizarrak, zumeak, zurzuriak eta makalak, eta eremu lehorragoetan erkametzak, elorri zuriak eta elorri beltzak.

Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatuak adierazi duenez, "kontua da iragazki ekologiko bat sortzea, urtegiaren inguruko nekazaritza eta abeltzaintza jarduerak sortzen dituen substantziak eta konposatuak atxiki, iragazi eta araztuko dituena, hartara gizakiok edateko den ur horren kalitatea hobetzen jarraitu dadin".

Horren harira, Galerak esan du urtegia bizileku finkotzat edo aldi baterako bizitokitzat duten hegaztien habitata hobetuko dela eta narriatuen dauden eremuak itxuraberrituko direla. Izan ere, hainbat espezie mehatxaturi ostatu ematen dio urtegiak. Guztira 25 espezietako 3.700 ur hegaztik baino gehiagok urtegi horretan ematen dituzte neguko hilabeteak, eta urtero 456 bikote ugaltzaile ur horietan lekukotzen dira.

Halaber, Arabako Aldundiak esku hartze hori baliatu du eremu horretako itxiturak sendotzeko, ez dadin ganadurik zuzenean uretara joan, horrek ere uraren kalitatea hobetzen lagunduko du eta.

Ingurumen eta Hirigintza Saileko diputatuak jarduketa hori baliatu du Uribarri Ganboako urtegiaren ekarpen naturalaren garrantzia nabarmentzeko. Hain zuzen ere, urtegi hori RAMSAR hezeguneen zati da: "Espazio ezinbestekoak dira gure baliabide naturalak onik zaintzeko; behar beharrezkoak gizakion ongizatea ziurtatzeko, batez ere klima aldaketa gertatzen ari den egungo testuinguruan". Izan ere, Uribarri Ganboak EAEko herritarren ia %50entzako ura ematen du.