Arabako Aldundiak 40-45 pertsona kontratatuko ditu Errentaren kanpainarako

Actualizado: lunes, 9 noviembre 2015 15:37

GASTEIZ, 9 (EUROPA PRESS)

   Arabako Foru Aldundiak iragarri du ogasuneko erdi mailako teknikarien lan poltsa bat eratuko duela, Errentaren kanpainak eta kudeaketa eta zerga likidazio atalek sortutako aldi baterako langile beharrizanak betetzeko. Lan poltsa horren bitartez, foru erakundeak 40 eta 45 pertsona bitartean kontratatuko ditu, iraupen desberdineko lanpostuetarako.

   Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Sailak deialdi publiko hori iragarri du 2009an 215 pertsonarekin eratutako ogasun teknikarien lan poltsa ia agortuta dagoelako eta egungo langile beharrizanei erantzuteko nahikoa ez delako.

   Lan poltsa horretan sartzeko aukera izateko ezinbestekoa da Ingeniari Tekniko edo Arkitekto Teknikoko titulua edo gradua edo unibertsitate diploma izatea edo haiek eskuratzeko legez ordaindu beharrekoak ordainduta izatea. Unibertsitate diplomaren baliokide da lizentziatura bateko lehen hiru ikasturteak osorik gaindituta izatea.

   Hautaketa prozesuak bi fase izango ditu. Lehena ezagupen proba bat izango da, test erakoa, nahitaezkoa eta baztertzailea, eta hautagaiek gai zerrendari buruzko galdetegi bati (aukera anitzeko (4) galderak) erantzun beharko diote; bigarrena merezimendu balioespena izango da, eta foru aldundien azken bost errenta kanpainetan lan egin izana eta 2., 3. edo goragoko hizkuntza eskakizuna izatea balioetsiko da.

   Deialdian parte hartu nahi dutenek datorren ostiralera arte -barne- dute eskaerak aurkezteko beta. Eskaera horiek Arabako Foru Aldundiaren Erregistro Orokorrean, oinarrietako eranskinean ageri den ereduan, edo www.alava.net/PortalEmpleo web orrian aurkeztu ahal izango dira.

Internet helbide horretan, halaber, eskueran daude deialdiaren oinarriak eta gai zerrenda. Era berean, bitarteko horren bidez jakinaraziko zaizkie izangaiei prozesuaren faseak.