Arabako Aldundiak eta Dulantziko Udalak Henaioko kastroa elkarlanean sustatuko dute

Joseba Garitagoitia eta Cristina Gonzalez, Henaioko kastroan
ARABAKO ALDUNDIA
Actualizado: viernes, 3 marzo 2017 13:53

GASTEIZ, 3 (EUROPA PRESS)

Arabako Foru Aldundiak eta Dulantziko Udalak elkarlanean jardungo dute Henaioko kastroko gune historikoaren balio turistikoa sustatzen, arabarrei zein lurraldera bisitan doazenei ezagutarazteko. Lehen ekintza izango da baliabide turistiko hori www.alavaturismo.eus atarian eskaintzea.

Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Saileko diputatu Burdin Aroko kokalekua ikusten izan zen ostegunean, Dulantziko alkate Joseba Garitagoitiarekin, bertatik bertara jakiteko tokiak zer turismo azpiegitura dituen eta aztertzeko ekintza eta jarduera didaktikoekin haiek hobetu eta aberasteko zer aukera dagoen.

"Baliabide turistikoak erakargarriagoak dira historia eta museoez gain beste era bateko ekintzak eta jarduerak ere eskaintzen zaizkienean bisitariei. Horrek behar du izan gure xede", azaldu du foru diputatuak.

Gonzalezek eta Garitagoitiak gune historiko hori arabarren eta lurraldea bisitatzen dutenen artean ezagutarazteko bideak ere aztertu zituzten. Horrela, lehen ekintza izango da Arabako arkeologia ondarearen baliabide turistiko hori www.alavaturismo.eus webgunean eskaintzea, herrixkaren jatorriari buruzko informazioa eskainiz eta interpretazio gunea eta herrixka zahar horretako biztanleen bizimodua birsortzen duten bi etxebizitza ikusteko aukera emanez.

HENAIOKO KASTROA

Henaioko kastroa izen bereko muino gainean dago, Dulantziko herrigunetik oso kilometro gutxira. Bisitariak malda oso etzana igoko du interpretazio gunera heltzeko; bertan, Azken Brontze Aroan eta Burdin Aro guztian zehar (K.a. 840tik 100era) herrixka horretan bizi ziren jatorri zeltiberiera eta erdialdeko Europako familien bizimodua azalduko zaio, zenbait argibide oholetan.

Gune horren ondoan bi etxebizitza daude. Biak ala biak orduko etxeek
izango zuten tamaina dute eta orduko jendeak biziko zuten bizimodua birsortzen dute, dena 1969an eta 1970ean egindako arkeologia indusketetan jasotako datuen arabera moldatuta.

Halaber, bisitariak markatuta duen txango txiki bat egin dezake kanpoaldean eta, besteak beste, herrixkak babeserako zituen harresi berreraikiak ikus ditzake. Ibilbide horrek herrixkaren hainbat zona igarotzen ditu, zona bakoitzean argibide oholak daude eta muino gainean bukatzen da. Muinotik Arabako Lautadaren eta Gasteizko mendien ikuspegi ezin ederragoa gozatzeko aukera izango da.