Arabako Aldundiak familia turismoko eskaintza berria aurkeztuko du Fitur azokan

Cristina Gonzalez eta Felipe Garcia
ARABAKO ALDUNDIA
Actualizado: lunes, 16 enero 2017 11:35

GASTEIZ, 16 (EUROPA PRESS)

Arabako Foru Aldundiak familia turismoko eskaintza berria eramango du Madrilen asteazkenean hasiko den Fitur Nazioarteko Turismo Azokara, lurralde historikoak publiko mota horrentzat dituen erakargarritasun ugariak ezagutarazteko asmoz. Informazio liburuxka bat, irudidun mapa bat eta haurrentzat egokitutako karta joko bat erabiliko dira heldu eta umeak "Arabaren altxorrak deskubritzera animatzeko".

Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren foru diputatuak eta Felipe Garcia arloko zuzendariak astelehen honetan aurkeztu dute eskaintza berria Gasteizen izandako prentsaurrekoan.

Eskaintza berria Arabako Foru Aldundiak legealdiaren hasieran helburu hirukoitz bati begira abiarazi zuen estrategiaren barruan dago. Bisitari kopurua gehitzea, haien egonaldia luzeagoa izatea lortzea eta arabarrek lurraldearen barruan turismoa egitea sustatzea da helburu hirukoitza.

"Hurrek turismo leku bati eskatzen dizkioten ezaugarri guztiak ditu Arabak: natura ondo kontserbatu eta iristeko erraza, ondare aberatsa, barnealdeko hondartzak, kultura eta historia jarduera eta esperientzia ugari, txikienak txoratuko dituztenak, eta lasaitasun handia. Horiek guztiak bildu ditugu era bateko eta besteko formatuetan, bisitari segmentu hau erakartzeko", azaldu du foru diputatuak.

BALANTZEA

Bestalde, Cristina Gonzalez diputatuak "balantze oso positiboa" egin du 2016an bisitari sarrerek eta gau emateek izan zuten bilakaeraz, abenduko datuak oraindik eskura eduki gabe, sarrerak eta gau emateak %6 eta %11 bitartean igoko bailirateke, hurrenez hurren. Gehikutza horiek, gainera, 2015ko markak gaindituz gertatu dira.

Hala, beraz, foru diputatuak jakinarazi duenez, Eustaten arabera, 400.632 pertsona izan ziren Araban bisitari 2016ko urtarrila eta azaroa bitartean, eta 2015ean, epe horretan, 377.719 pertsona izan ziren bisitari. Gau emateak, bestalde, gehiago igo ziren, eta urtarrila eta azaroa bitartean 747.657 izan ziren. Bi aldagai horiek baturik, gure erronketako bat betetzen da: batez besteko egonaldia gehitzea, 1,86 egunekoa izan baita, 2015ean 1,74 izan zen bitartean.

"Badugu estrategia bat, bide onetik goaz, baina ez diogu aski irizten eta aurrera egin nahi dugu, uste osoa baitaukagu Araban turismo iraunkorra oraindik hazi egin daitekeela. Aurrerantzean ere, elkarlanean jardungo dugu sektorearekin, kuadrillekin eta Eusko Jaurlaritzarekin, zenbaki horiek finkatzeko hasi berri den urte honetan", gehitu du.