Arabako Aldundiak urtarrilaren amaieran bukatuko du 2012ko abenduko aparteko ordainsariaren ordainketa

Actualizado: martes, 19 enero 2016 13:09

GASTEIZ, 19 (EUROPA PRESS)

   Arabako Foru Aldundiak urtarrilaren amaieran ordainduko die bere funtzionario eta langileei 2012ko abenduko aparteko ordainsariaren azken zatia, Espainiako Gobernuaren aginduz atxikirik zegoena. Ordainketa horrek 2.100 langile publiko baino gehiagori eragingo die, eta 3,2 milioi euroko gastua ekarriko du.

   Foru Gobernuko Diputatuen Kontseiluak astearte honetan erabaki du aparteko ordainsari horren erdia ordaintzea -zehazki %49,73- Administrazio Orokorreko, Gizarte Ongizateko Foru Erakundeko eta Gazteriaren Foru Erakundeko langileei, beharginen ordezkariekin agintaldiaren hasieran bere gain hartu zuen konpromisoa betez.

   Erabaki hori ordainketa bakarrarekin gauzatu eta urtarrileko nominarekin batera ordainduko da, eta atxikitako nomina itzultzea eragingo du. Arabako Foru Aldundiak ordaindu zuen 2015eko otsaila eta iraila bitartean aparteko ordainsariaren erdia, eta, orain, geratzen zen beste erdia ordainduko die langile publikoei.

   Erabaki horrek Administrazio Orokorreko 988 langileri ekarriko die onura, eta kopuru horretan sartzen dira gaur egun jardunean egon ez arren neurri horren ondorioak jasan zituztenak; guztira, 1,6 milioi euroko gastua dakar horrek. Zenbateko hori bera jasoko dute Gizarte Ongizateko Foru Erakundearen 1.038 langileek, 2012an behin behineko edo ordezko gisa lanean ari zirenek ere.

   Azkenik, Gazteriaren Erakundeko 70 langile inguruk urtarrileko nominarekin batera jasoko dute 2012ko abenduko aparteko ordainsariaren erdia, guztira 64.500 euro.