Arabako enplegu anezketan parte hartu duten pertsonen %60k lana aurkitu du

Enplegu anezka bateko partaideak
ARABAKO ALDUNDIA
Actualizado: miércoles, 5 abril 2017 13:03

GASTEIZ, 5 (EUROPA PRESS)

Gasteiz, Laudio eta Guardiako enplegu anezketan parte hartu duten pertsonen %60k lanpostua lortu du, hala besteren kontura nola autoenplegu bidez, oraindik behin betiko balantzea egiteko bi aste falta direla. Guztira, 34 izan dira laneratzeak eta onuradun nagusiak 45 urtetik gorakoak eta gazteak izan dira.

Arabako Aldundiak Santa Maria la Real Fundazioarekin, Telefonica Fundazioarekin, Europako Gizarte Funtsarekin eta Lanbiderekin elkarlanean abian jarritako ekimenaren emaitzei buruzko behin behineko balantzea egin du asteazken honetan Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren diputatuak Arabako Batzar Nagusien osoko bilkuran. Ziurtatu du emaitzak "oso pozgarriak" direla eta iragarri du ekimenak jarraipena izango duela.

Gasteiz, Laudio eta Guardiako enplegu anezkak 2016ko urrian abiatu ziren, langabezia handiena zuten Arabako eskualdeetan enplegua sustatzeko programa berezi baten harira. Hasieran 57 langabek hartu zuten parte koordinatzaile banaren babespean, eta xedea argia zen: nork bere gaitasunak hobetzea, lan merkatua aztertzea eta, azken batean, lana lortzea.

Harrezkero, eta duela hiru aste eskas arte, alegia, anezken ibilbidea amaitu arte, pertsona horiek prestakuntza jaso zuten, euren gaitasunei onura ateratzen ikasi zuten, euren udalerri eta eskualdeetako enplegagarritasun mapa egin zuten eta bitartekotza lan handia egin zuten enpresekin. Gaur egun, haietako 34 lanean ari dira, besteren kontura edo autoenplegu bidez.

"Laneratze balantze ofiziala anezkak bukatu eta hilabetegarrenera egiten da, hau da, apirilaren bukaeran egingo da, eta, beraz, emaitza horiek are hobeak izan daitezke", azpimarratu du Gonzalezek.

ZAILTASUN GEHIEN DITUZTE BI TALDEAK

Anezken bidez laneratutako pertsona 45 urtetik gorako unibertsitate ikasketadun emakumea izan ohi da; alegia, 34 laneratutakoetatik, 19
emakumeak eta 15 gizonak dira, eta herena 45 urtetik gorako pertsonak. Halaber, nabarmena da 30 urtetik beherakoen kopurua. Horrela, lana aurkitzeko zailtasun handienak dituzten bi taldetako jendeak aurkitu du lana.

"Inguruabar hori azpimarratu nahi dut, garrantzi handiko lorpena delako. Beraz, denok pozik egoteko modukoa da. Lana lortzea zaila da edonorentzat, baina are zailagoa, zenbaitetan baita ia ezinezkoa ere, gazteenentzat eta 45 urtetik gorakoentzat", esan du foru diputatuak.

Laneratze gehienak (26) zerbitzuen alorrean diharduten enpresa eta erakundeetan izan dira; lau industrian izan dira, eta beste lau nekazaritzan. Kontratuei dagokienez, aldi baterako kontratuak izan ziren gehienak, hots, ekoizpen arrazoiak direla-eta behin behineko kontratuak, obra eta zerbitzu kontratuak edo bitarteko kontratuak. Dena den, praktika kontratuak ere izan ziren, bai eta mugagabeak eta autonomoak (autoenplegua) ere.

Gonzalezek iragarri du anezkek izandako bilakaera onak foru erakundea "nolabait behartu" egiten duela ekimen horri ekitera 2017an zehar. "Orain zehatz aztertu behar ditugu emaitzak, eta behin betiko balantzea eskuetan dugula, eguneratu egingo ditugu eskualdeetako langabeen estatistikak eta, haien arabera, erabaki non jarri anezkak. Gure asmoa berriro ere hiru anezka antolatzea da", adierazi du.

Azkenik, foru diputatuak onartu du laneko egonkortasun eza oraindik
gainditu gabeko ikasgaia dela eta ziurtatu du ekimen berriak jorratzen ari direla egoera hori hobetzeko. Horietako bat datza pizgarriak ematean, laneratzeko zailtasun bereziak dituzten taldeetako langabeak (gazteak, langabezian luzaroan diren pertsonak) behin betiko kontratatzeagatik.