Arabako Foru Aldundiak jarrerak "malgutzeko" eskatu die Mercedeseko sindikatuei eta zuzendaritzari

Malgutasuna eskatu die aldeei Xabier Agirrek
Europa Press
Actualizado: viernes, 17 junio 2011 16:02

GASTEIZ, 17 Jun. (EUROPA PRESS) -

Arabako jarduneko diputatu nagusi Xabier Agirrek kezka agertu du gaur Gasteizko Mercedes Benz lantegian lan hitzarmenaren negoziazioan akordio ezak sortutako ziurgabetasunagatik, eta jarrerak "malgutzeko" eskatu die sindikatuei eta zuzendaritzari akordioa lortze aldera.

Automozio enpresak Araban ez ezik Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) duen garrantzi ekonomiko eta soziala azpimarratu ditu Agirrek, eta dei egin die auzian erantzukizuna duten alderdiei, "ulermena errazte aldera, jarrerak malgutu ditzaten".

Testuinguru horretan, Arabako jarduneko diputatu nagusiak Gasteizen kokatutako Alemaniako enpresak krisi garaian lanpostuei eusteko "egin duen ahalegina" nabarmendu du.

Era berean, eragile guztiei "arduraz" jokatzea eskatu die, furgoneta modelo berria Arabako hiriburuan egin ahal izan dadin eta, horrela, Gasteizko lantegiak eta harentzat lan egiten dutenek datozen 15 urteetan lana bermatuta izan ditzaten.