Arabako Foru Aldundiak mahastien 13.500 hektarea aztertzen bukatu du

Tractor en viñedos
EP/ASCOMUNICACION
Actualizado: jueves, 17 marzo 2011 12:22

GASTEIZ, 17 Mar. (EUROPA PRESS) -

Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak mahastizainen 3.000 kartila baino gehiago aztertzen bukatu du, hau da, 13.500 hektarearen baliokideak. Azterketaren helburua da Arabako mahastietan egiten diren aldaketa guztiak egunean izateko aukera emango duen mahastien erregistroa edukitzea.

Nekazaritza Saileko foru diputatu Estefania Beltrán de Herediak Nekazaritza Sailak eta Kalkulu Guneak Arabako Errioxako Mahastien Erregistroa Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Mahastizaintza eta Ardogintza antolatzeko Legera eta Europako araudira egokitzeko eta eguneratzeko egin dituzten lanen berri eman du; izan ere, bertan dakar, 2005eko urtarrilaz geroztik, mahastien erregistroak identifikazio geografikorako sistemetara (IGS) egokituta eta eguneratuta eduki behar direla.

Hortaz, landa-lana egin behar izan da egungo aplikazioan ageri diren mahastien katastro erreferentzia guztiak identifikatzeko eta sistema berrira egokitzeko, zaharkituta dauden erreferentziak eguneratzeko, mahasti bakoitzari dagokion informazio agronomikoa egiaztatzeko eta mahastien erregistroko erreferentzia alfanumerikoak SIGPACeko estaldura grafikoekin lotzeko.

"Sailak Arabako Errioxako mahastizainen 3.000 kartila baino gehiagoren azterketa sakona egin du, 13.500 hektarearen baliokidearena, alegia. Kartiletan bakoitzaren finkak eta ezaugarriak zehazten dira", adierazi du Beltran de Herediak.

Horrez gain, gogorarazi du 2005. urtetik egin gabe zegoen lana zela, eta sektorea "kezkatuta" zegoela laguntzak galtzeko arriskua zegoelako eta erregistroa eguneratuta ez izateagatik zigorrak ezar zitezkeelako.

Jatorrizko deitura batean erregistro eguneratua izatea funtsezkoa da, besteak beste, mahastiaren erradiografia zehatza edukitzeko. Izan ere, mahastien erregistroan txertatzen diren datuak erabili egingo dira laguntza lerro ezberdinak izapidetzeko, hala nola Arabako mahastien erauzketak eta landaketak egiteko direnak. Horregatik, erregistroak mahastiari buruzko informazio eguneratua eduki behar du aldi oro, eta lurzatien edo jabetzen gainean aldaketarik egon bada bertan islatuta agertu beharko du.