Arabako guraso eskolek topaketa egingo dute larunbatean, Guardian, gatazkak famnilian kudeatzea lantzeko

Publicado: viernes, 20 abril 2018 18:06

GASTEIZ, 20 Abr. (EUROPA PRESS) -

Arabako guraso eskolek topaketa egingo dute larunbatean, apirilaren 21ean, Guardian, eta gatazkak familian kudeatzea izango da jorratuko duten gai nagusia. Hamaikagarren topaketa izango da, eta etxeko gatazkak hobeto ulertzeko eta mugak eta arauak modu koherentean eta errespetuz jartzeko gako desberdinak azalduko dira. Halaber, hezkuntza tresna praktiko eta eraginkor bat aurkeztuko da, edozein adineko adingabeak dauzkaten familientzat, gatazkak kudeatzen laguntzeko eztabaidan aritu gabe eta zigorrik jarri gabe.

Arabako Aldundiak jakinarazi duenez, hitzaldia Antonio Ortuñok emango du. Haurren eta gazteen psikologoa, psikologia klinikoan aditua eta familia terapeuta da Antonio Ortuño, eta 25 urte baino gehiago daramatza familiei aholkularitza ematen, guraso lana errespetuz, modu positiboan eta jardunbide egokiekin betetzeko.

Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen bidez eta Mendekotasunak Prebenitzeko Tokiko Planaren barruan Arabako Aldundiak jorratzen duen ekimenetako bat da topaketa. Bilkurak lurralde historikoko zenbait udalerritan egiten dira.

Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak gurasoentzako antolatzen dituen prestakuntza programek oso harrera ona izaten dute Arabako landa guneetako parte hartzaileen artean. Urteak joan urteak etorri, oso handia da hezkuntzarekin, komunikazioarekin, auziak kudeatzeko eta ebazteko azterketarekin edo mendekotasunen prebentzioarekin zerikusia duten gaiak jorratzeko prestakuntza ekimenen eskaera.

Larunbateko topaketa 10.15ean hasiko da, Guardiako zinema aretoan, eta lurralde osoko gurasoak bilduko ditu. Gizarte Zerbitzuen Saileko foru diputatu Marian Olabarrietak eta Guardiako alkate Pedro Leonek aurkeztuko dute topaketa.