Arabako Obra eta Zerbitzuen Foru Planak 32,41 milioi euro inbertituko ditu 2016an eta 2017an

Actualizado: jueves, 18 febrero 2016 17:55

GASTEIZ, 18 Feb. (EUROPA PRESS) -

Arabako Foru Aldundiak 2016an eta 2017an Obra eta Zerbitzuen Foru Plana osatuko duten proiektuak jakinarazi ditu ostegun honetan. Guztira, 197 jarduera gauzatuko dira eta 85.000 lagunentzat onura ekarriko dute. Inbertsioa 32,41 milioi eurokoa izango da bi urteetarako, aurreikusia zegoena baino lau milioi gehiago.

Pilar Garcia de Salazar Arabako Aldundiko Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren Saileko diputatuak adierazi du 85.115 arabarrek jasoko dutela foru planaren onura, hau da, "383 euro pertsonako datozen bi urteetan zehar". Onartutako 246 proiektuetatik ahalik eta gehienetara iristeko "ahalegina" egin dutela nabarmendu du foru diputatuak.

"Zorroztasunez lan egin arren, eta garrantzitsuak ziren eskari guztiak onartu ostean, bai eta komenigarri zirenetako asko ere, hainbat proiektu, komenigarriak izan arren, kanpoan geratu dira. Nolanahi ere, gogor saiatuko naiz datozen hilabeteetan finantzaketa lortzen komenigarritzat jotako proiektu horietako bat bera ere abiarazi gabe gera ez dadin eta gauzatuko direnen zerrenda horretan gehiago batzeko", azpimarratu du.

Gauzatuko diren proiektuen artean, García de Salazarrek batzuk nabarmendu ditu, hala nola Argandoñan eta Elosuan lurperatzeak, saneamenduak eta zoladurak eginez gauzatuko direnak, Argandoñan milioi bat euro baino gehiago inbertituko delarik eta Elosuan 1,8 milioi inbertituko direlarik.

Horrez gain, 3,5 milioi euro bideratuko dira Zuiara, hornidura kanalak berritzeko, elektrizitate eta telekomunikazio sareak lurperatzeko eta Pauldarren ikastetxeko instalazioak eskuratzeko. Halaber, funtsezko jarduera batzuk gauzatuko dira, nahiz eta garrantzi ekonomiko txikiagoa izan, hala nola Zurbaoko pilotalekua eraikitzea (150.000 euro) edota Lantaronen udal kirol instalazioak handiagotzea (266.000 euro).

Aiara izango da inbertsio gehien jasoko duen kuadrilla; 8.250.000 euro inguru jasoko ditu, oinarrizko azpiegituretan eta ekipamendu eta zerbitzuetan.

Amaitzeko, foru diputatuak aipatu du prestatzen ari direla dagoeneko 2018-2019 Obra eta Zerbitzuen Foru Plana, eta antzeko zenbatekoaz hornituko dela: Arabako Foru Aldundiak 63 milioi euro inbertituko ditu hurrengo agintaldian, "eta horrek esan nahi du %40 baino gehiago haziko dela aurreko agintaldiko foru planaren aldean".