Arabako Ogasunak 2.041 milioi bildu zituen 2016an, aurrekoan baino %2,4 gehiago

Actualizado: lunes, 23 enero 2017 14:10

GASTEIZ, 23 (EUROPA PRESS)

Arabako Foru Ogasunak 2.041 milioi euro bilduta itxi du 2016. urteko ekitaldia, hau da, 2015ean baino 48 milioi euro gehiago bildu ziren iaz (%2,4ko hazkundea). Zergetan gehien hazi zirenak Arabako Aldundiak zuzenean kudeatu zituenak izan ziren, hots, zuzeneko zergak eta kudeaketa propioko BEZ.

Hain zuzen, PFEZaren bilketa %6,62 igo da, hau da, 39 milioi euro gehiago. Hala, bada, Norberaren Lanaren gaineko Atxikipenak ia %4 hazi dira (27,6 milioi euro gehiago) eta, horrenbestez, berretsi egin da enplegu tasak egonkortu eta igo egin direla Araban. Dena dela, hazkunderik handiena Errentaren gaineko Zergaren Kanpainan gertatu da, 2015ean baino %36,7 gehiago bildu baitzen.

Halaber, foru erakundeak jakinarazi duenez, Ondarearen eta Aberastasun Handien gaineko Zergaren bidez %3,5 gehiago bildu da, eta Sozietateen gaineko Zergaren kanpainetan ere igoera izan da bilketan (%1,28).

Kudeaketa propioko BEZaren bidez bildutakoa 2015ean baino %3,46 gehiago izan zen iaz. Araban esportazioak nabarmen hazi ziren arren, eta, beraz, zerga bilketan urritze bat izan zen arren, Ogasunak lortu du aurreko urtean baino 14 milioi euro gehiago biltzea, eta horrek adierazten du kontsumoak ere gora egin duela Araban.

Urrian Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak egindako azken aurreikuspenen aldean, Arabako Foru Ogasunak nabarmendu du aurreikuspenak bete egin direla lurraldean kudeatze ndiren tasei dagokienez (zuzeneko zergak eta kudeaketa propioko BEZ). Ez da berdin gertatu zifra globalekin Estatuaren eta EAEko gainerako aldundien doiketak aplikatu ostean.

Hala, bada, Estatuaren doiketen ostean, Arabak aurreikusitakoa baino %2 gutxiago bilduko du (3,7 milioi euro). Berdin gertatzen da Bizkaiarekiko eta Gipuzkoarekiko barne doiketen emaitzekin ere, diru bilketa aurreikusitakoaren azpitik egongo baita (16 milioi gutxiago). Hain zuzen ere, tributu horiek eragin dute Araba duela hiru hilabete egindako aurreikuspenen azpitik geratzea, haien arabera %3,1 izango baitzen hazkundea.