Arabako Txakolin Eguna maiatzaren 21ean ospatuko da, Amurrion

Arabako Txakoli Eguna maiatzaren 21ean
NEIKER
Actualizado: lunes, 8 mayo 2017 13:35

GASTEIZ, 8 (EUROPA PRESS)

Arabako Txakolinaren Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzaileak Amurrion ospatuko du Arabako Txakolin Eguna 2017, maiatzaren 21ean, eta Vanessa Sanchez Euskal Telebistako kazetaria ardoaren enbaxadore aukeratu du.

Gasteiztarra txikitatik, Sanchez Parisen eta Asian aritu da korrespntsal gisa, eta Ukrainako iraultzan, Londreseko atentatuetan edota Obamaren garaipenean berriemaile bezala lan egin du. 'Teleberri 2', 'Egunon Euskadi' edota 'Entrada Libre' saioak aurkeztu ditu, "eta egon den leku guztietan gure ardoaren onuren defendatzaile sutsua izan da", Joxean Merino Arabako Txakolinaren kudeatzaileak esan duenez.

Esan bezala, Arabako Txakolin Eguna 2017 maiatzaren 21ean ospatuko da, 11:30ean hasita Amurrioko GUK Parkean, ohiko Juan de Urrutia enparantzaren eta udaletxearen ordez, obretan daudelako. Ospakizuna Udalbatza Aretoan hasiko da, 11:30ean. Vanessa Sanchezen omenezko aurreskua dantzatuko da eta Arabako Txakoli 2017 enbaxadore titulua emango diote.

Eguerdian, txupinazoarekin hasiko da jaia, eta 2016ko txakolina egin duten jatorri deiturako zazpi upategien ardoak dastatu ahal izango dira egun osoan, oilasko pintxo, behi hanburgesa eta txerri saiheskiekin batera. Arabako patata, moruno pintxoak, odolkiak, Gasteizko Txustarra tabernako txanpi ospetsuak edo Amurrioko txistorra ere egongo dira. Horrez gain, eskulanen erakusketa eta salmenta egongo dira, txarangak eta musika emanaldiak eta Aiaraldeko IV. Pitxarra Lehiaketa.

Uzta berrian 659.126 kilo mahats bildu eta 461.000 botila atera dira, hau da, aurreko urtean baino %2,8 gehiago. Gaur egun, jatorrizko deitura duen Arabako Txakolinak 95 hektarea lantzen ditu eta zazpi upategi ditu.