Arantxa Urretabizkaia eta Marie Darrieussecq izango dira gaur "Eztabaidak literaturarekin" zikloan, Bilbon

BILBO, 15 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren "Eztabaidak literaturarekin" zikloak aurrera darrai, eta emakumeak literaturan bete izan duen tokiari buruzko topaketa burutuko du gaur, Arantxa Urretabizkaiaren eta Marie Darrieussecq-en partaidetzarekin, antolatzaileek adierazi dutenez.

Elkarrizketak hilero burutzen dira, asteartez, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Bilboko Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoko eszenatokian. Bertan, espezializatutako kazetari bat ekitaldiaren aurkezle eta gidari gisa aritzen da. Gaurko saioan topaketaren moderatzailea Idoia Jauregi kazetaria izango da, Radio Euskadiko kultura.com saioaren aurkezleetako bat.

Urteko bigarren hitzorduan, "Eztabaidak literaturarekin" egitarauak emakumeak literaturan izan duen irudiaren gaineko eztabaida proposatuko du, emakume idazlearen edo gizonezkoek sortutako emakume pertsonaia handien bitartez, adibidez, Madame Bovary, La Regenta edo Anna Karenina.

Gonbidatutako idazleek hainbat gairi buruz hitz egingo dute, emakumeen literatura definitzen duten ezaugarriei edo emakumeek egindako literatura erresistentziako literatura den ala ez gaiari buruz, adibidez. Landuko dituzten beste gai batzuk genero desberdintasuna gainditzen ahalegindu zen literatura, egoera hori iraunarazten ahalegindu zen literaturaren aurrean edo emakumearen irakurtzeko zaletasuna dira. Azken gai horren inguruan, non eta noiz irakurtzen duen emakumeak eta, bitartean, gizonak zer egiten duen aztertuko da.

PARTE-HARTZAILEAK

Aipatu bezala, Arantxa Urretabizkaia donostiarra eta Marie Darrieussecq baionarra izango dira gaurko protagonistak. Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947) euskaraz idatzitako literatura garaikideko emakume idazle garrantzitsuenetakoa da.

Poesia idazten hasi zen, eta argitaratu zuen lehen lana 1972an kaleratutako "San Pedro Bezperaren Ondokoak" izan zen. Bere bigarren poema liburua, 1982an Espainiako Kritikaren Sari Nazionala eman zion "Maitasunaren Magalean" izan zen. Bi lan horien ezaugarria tonu intimista eta afektibitatez betetako lengoaia dira, naturaren mundua hiri handiarekin kontrajarriz.

Ondoren narratzaile gisa nabarmendu da, eta umeei eta gazteei zuzendutako zenbait lan ere egin ditu. Zinearen munduarekin lotura handia izan du, eta zenbait filmen gidoietan hartu du parte, hala nola "Albaniako konkista", "Segoviako ihesa" eta "Lauaxeta".

Bestalde, Marie Darrieussecq (Baiona, 1969) literatura frantsesean lizentziatua da Sorbonneko Unibertsitatean, eta bederatzi liburu argitaratu ditu. Bere eleberri ezagunena eta nazioartean oihartzun gehien jaso zuena "Ahardikeriak" (1996) izan zen, 30 hizkuntza baino gehiagotara, euskarara barne, itzuli zen best-sellerra.

Hainbat gai errepikatzen dira Marie Darrieussecq-en lanetan. Bere lan guztien gai nagusia desagerpenarena eta urruntzearena da. Gairik nabarmenena, pertsonaia nagusia emakumea izan dadin egin duen aukera da, idatzi dituen liburu guztietako pertsonaia nagusia emakumea baita.