Arantza Cuesta da Eusko Ikaskuntzaren zuzendari berria, Iñaki Ibarra ordezkatuz

Publicado: viernes, 19 enero 2018 14:18

BILBO, 19 Ene. (EUROPA PRESS) -

Arantza Cuesta Ezeiza Eusko Ikaskuntzaren zuzendaria izango da aurrerantzean, eta Iñaki Ibarra Unzueta ordezkatuko du erakundearen zuzendaritzan. Kargua berria izan arren, "Eusko Ikaskuntza oso ongi ezagutzen du" Cuestak, 1995ean hasi baitzen lanean erakundean.

"Zalantzarik gabe, egindako ibilbide luze honetan eskuratutako esperientzia oso lagungarria egingo zaio erronka berri honetan", adierazi dute Eusko Ikaskuntzaren iturriek prentsa ohar bidez.

Arantza Cuestak Geografia eta Historia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean eta Artearen Historian espezializatu zen 1985ean Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Graduondoko ikasketa hauek burutu ditu: Euskal Ikasketak (1997, EHU) eta Dokumentazio Digitala (2002, Pompeu Fabra). Gainera, Bartzelonako unibertsitate horretan bertan Dokumentazio Digitala Masterra egin zuen.

1987an ondare historiko-artistikoaren munduan hasi zuen bere ibilbide profesionala. Zortzi urte geroago, 1995ean, Eusko Ikaskuntzan sartu zen eta ondare dokumentalarekin eta IKT arloarekin erlazionatutako kargu ezberdinak bete zituen.

Eusko Ikaskuntzaren Mediatekako kudeatzaile izan zen 1997tik, 2002an Euskomedia Fundazioa sortu zen arte. Fundazio horren zuzendari izan zen 2014ra arte. Urte horretan Eusko Ikaskuntzan lanean hasi zen Promozio eta Teknologia zuzendari bezala eta zabalkundearekin, komunikazioarekin eta IKTekin lotutako lanak bere gain hartu zituen. Aldi berean, 2017tik Eusko Ikaskuntzaren mendeurrenaren eta XVIII. Biltzarraren idazkaritza teknikoaren koordinazioaren ardura hartu du.