Arau hausteak %3,17 jaitsi ziren EAEn 2016an

Arau hausteak behera EAEn
ERTZAINTZA
Actualizado: jueves, 26 enero 2017 10:58

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

Ertzaintzak jakinarazi du delinkuentziak azken urteetako beheranzko joera mantendu zuela Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 2016an, eta arau hauste penalak %3,17 jaitsi zirela, 2015eko datuen aldean, "denboran luzatzen ari den beheranzko joera finkatuz. 2013an 1.000 biztanleko arau hausteen tasa 40,53koa bazen, gaur egun 37,15ekoa da, ia hiru puntu eta erdi azpitik.

Joan den urtean, delitu tipologia gehienetan gertatu zen beherakada, batez ere gizarte alarma gehien sortzen dutenetan, hau da, giza hilketetan, sexu erasoetan edo etxebizitzetako lapurretetan. Ertzaintzak epaileen esku utzitako delitugileen kopurua %12,94 gehitu zen 2016an.

Hain zuzen, 2016an, arau hauste penalak "nabarmen" jaitsi ziren EAEn. Horrela, 2015ean 83.996 izan baziren, iaz 81.335 izan ziren, hau da, %3,17 gutxiago. Delitu tasa ere jaitsi egin zen, 1.000 biztanleko 38,37 arau hauste izatetik, 37,15 arau hauste izatera.

Beherakada deliturik larrienetan gertatu zen 2016an, hau da, gizahilketa burutuekin: 2015ean 11 izan ziren eta 2016an sei. Sei kasu horiek, gainera, argitu ziren eta ustezko egileak justiziaren esku utzi zituen Ertzaintzak.

Lesioak ere jaitsi egin ziren joan den urtean (%-0,52), eta horien barruan bereziki jaitsi ziren familiaren barruko tratu txarrak (%-5,84). Torturarekin eta integritatearen kontrako delituekin lotzen diren arau hausteak %4,45 jaitsi ziren, eta batez ere behera egin zuten familia barruko ohiko tratu txarrek (%-4,38).

Sexu askatasunaren kontrako arau hausteetan ere "nabarmena" izan zen beherakada 2016an (%-4,03), eta, bereziki, arau hausterik larrienetan, hots, sexu eraso gisa tipifikatuta daudenetan (%-9,29).

Ondarearen kontrako ekintzei dagokienez (%-0,04), batik bat adierazgarria izan zen gauzetan indarra erabilita egindako lapurreten izandako jaitsiera (%-6,20), eta, horien barruan, etxebizitzetan indarra erabilita egindako lapurretak (%-13,18) eta, batez ere, eranskinetan, trastelekuetan eta garajeetan gertatutako lapurretak (%-28,14).

Segurtasun kolektiboaren kontrako arau hausteak %0,55 jaitsi ziren, eta, horien barruan, droga trafikoa (%-11,54), ordena publikoaren kontrako ekintzak (%-24,21) eta beste arau hauste penal gisa sailkatutako arau hausteak (%-22,35) jaitsi ziren.

GEHITU ZIRENAK

Iaz gehitu diren delituen artean daude ebasketak (%2,76), alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzea (%4,78), ibilgailuen lapurretak (%11,53) eta iruzurrak (%6,32), batez ere Internet bidez egindakoak. "Dena dela, kasu horietan guztietan goranzko bilakaera moteltzen hasi da azken hilabete hauetan", Ertzaintzak nabarmendu duenez.

Hala ere, delinkuentzia murrizteak ez zuen ekarri erruztapen penalak murriztea, hau da, Ertzaintzak arau hausteen egile direlakoan epailearen aurrera eramandako pertsonen kopurua ez zen jaitsi 2016an. Aitzitik, 2015ean 23.046 erruztapen izan baziren, iaz 26.029 izan ziren (%12,94 gehiago).

Lurralde historikoen arabera ere delinkuentziaren beherakada orokorra izan zen joan den urtean: Araban arau haustesak %5,39 jaitsi ziren, Bizkaian %1,18 eta Gipuzkoan %6,20. Antzeko bilakaera izan zen hirigune nagusietan: Gasteizen %7,25 gutxiago, Donostian %5,33 gutxiago, Barakaldon %4,45 gutxiago, Getxon %13,83 gutxiago eta Irunen %0,61 gutxiago. Bilbon bakarrik gehitu ziren arau hausteak (%5,02 gora), batez ere ebasketen eraginez.

Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuak agerraldia eskatu du Eusko Legebiltzarrean Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko delinkuentziaren estatistiken berri emateko.