Argazkigintza humanitarioko Luis Valtueña Nazioarteko Lehiaketako lan irabazleak daude ikusgai AlhondigaBilbaon

Actualizado: jueves, 20 enero 2011 18:23

BILBO, 20 Ene. (EUROPA PRESS) -

AlhondigaBilbao zentroak argazkigintza humanitarioko Luis Valtueña Nazioarteko Lehiaketan parte hartu duten argazki irabazleen erakusketa eskainiko du gaurtik urtarrilaren 30era arte. Munduko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak urtero antolatzen du sariketa hori, zentro bilbotarretik adierazi dutenez.

Ekitaldi horren finantzaketa Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Bilbao Bizkaia Kutxak bideratu dute, Manual Color argazki-laborategiaren lankidetzarekin.

Aurtengo edizioan 27 herrialdetako profesionalek 1.500 argazki baino gehiago aurkeztu dituzte eta epaimahaiak ebatzi du Fernando Moleres argazkilari bilbotarrari ematea lehen saria, "Adin txikikoek Afrikako kartzeletan duten egoera" gaiari buruz Sierra Leonako kartzeletan adingabekoei ateratako argazkiez osatu duen bildumagatik. Erakusketan 40 argazki daude, inoren ahotan ez dabiltzan beste krisi batzuen lekuko.

Moleresek 2010eko otsaila eta abuztua bitartean Sierra Leonan gauzatu zuen proiektu haundiago baten zati dira argazkiok. Lan zorrotza da, delitu txikiengatik espetxeraturik gorriak ikusten dituzten adingabekoen bizipenak agertarazteko egina. Argazkilari bilbotarrak begibistan jarri du gainezka dagoen kartzela-sistema haren errealitatea, non gazteenak ahulenetan ahulenak eta kalteturik kaltetuenak baitira.

Fernando Moleresek irabazi duen lehen saria 8.000 euroko lan-beka da, Munduko Medikuak erakundearen lan-arloetarikoren bati buruzko argazki-proiektua gauzatzeko ematen dena.

Bilbon lehenengoz inauguratzen den argazki-erakusketa horretan Fernando Moleresenak ez dira izango argazki bakarrak. Beste bi sarituenak ere ikusi ahal izango dira: batetik Javier Arcenillas argazkilariarenak, Hego Amerikako indarkeriari buruzkoak eta, bestetik, Riccardo Venturi argazkilariarenak, Haitiko lurrikarak eragindako hondamendiari buruzkoak. AlhondigaBilbaoko erakusketa eta gero, hiriz hiri ibiltari joango da erakusketa 2011. urtean zehar.

Aurtengo erakusketan beste gai batzuei buruzko argazkiak ere badaude, esaterako Srebrenicako sarraskia, Indiako Kaxmirreko gatazka, homoxesualen jazarpena Ugandan, hondakindegi informatikoak eta elektronikoak Afrikan, Kenyan lehorteak izandako eragina eta Saharaz hegoaldeko etorkinen egoera Italiako hegoaldean.

Luis Valtueña Lehiaketa urtero antolatzen da Luis Valtueña, Flors Sirera, Manuel Madrazo eta Mercedes Navarroren omenez, Munduko Medikuak elkarteko lankide zirela, ekintza humanitarioetan lan egiten zihardutela, Ruandan 1997an eta Bosnian 1995ean hil zituztelako.

Sariketak Luis Valtueñaren izena darama, lanbidez argazkilaria zelako eta Espainian Cover agentziarako lan egiten zuelako. 14 edizio egin dira dagoeneko, eta sariketa hau argazkigintza humanitarioaren erreferente bihurtu da; izan ere, era horretako argazkiek errealitatea gerturatzeko gaitasun berebizikoa dute, errealitate itxaropentsua batzuetan, negargarria beste batzuetan, baina hunkigarria beti ere.