Ariel Arditek "Tango de ley" aurkeztuko du maiatzean Bilboko Arriagan

Ariel Ardit eta Orquesta Típica Bilbon izango dira maiatzean
Foto: Arriaga Antzokia
Actualizado: martes, 17 enero 2012 13:51

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

   Ariel Ardit argentinarrak kontzertu bat eskainiko du maiatzaren 31n Bilboko Arriaga Antzokian. Arratsaldeko 20:00etan hasita, eta Orquesta Típica taldearekin batera, Arditek "Tango de ley" izenburuko ikuskizuna eskainiko dio publikoari, antzoki bilbotarreko arduradunek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.

   Ariel Ardit (Cordoba, Argentina, 1974) belaunaldi berrietako tango abeslari aitortuenetakoa da gaur egun. Tangoa abesteko duen intimitateak "sotil eta magiko" bihurtzen du giroa. Bere kantatzeko erak bidea ematen du "maitasun historia xume batean edo erromantze ezinezko batean barneratzeko, dantza-areto batean edo gizon batek senti dezakeen zauri ankerrenean", esan dute Arriagatik.

   Bere malgutasunak orkestrako abeslariaren irudi enblematikoa sasoi hauetarako finkatzen duen artista ekartzen du gogora, eta, gainera, bere adierazkortasun mailaz edozein formatu gainditzen duen abeslaria ere bai. Osagai horiei guztiei esker, Ariel Ardit "interprete berezi eta karismatikoa da", bai publikoak eta bai prentsa espezializatuak bere belaunaldiaren adierazlerik onentzat jotzen dutena.

   Ariel Arditek emango duen kontzerturako sarrerak jadanik daude salgai ohiko bideetan, hau da, Arriaga Antzokiko txartel-leihatiletan, www.teatroarriaga.com webgunean, 944 310 310 telefonoan eta BBKren zerbitzu anitzeko kutxazainetan. Salneurriak 12 eta 30 euro artekoak dira.