Arrasate eta Mutrikutik Bilbora joateko autobus zerbitzu berriak izango dira maiatzaren 16tik

Actualizado: martes, 3 mayo 2011 16:12

DONOSTIA, 3 May. (EUROPA PRESS) -

Arrasate eta Mutriku herri gipuzkoarretako bizilagunek Bilborekin lotuko dituen autobus zerbitzu berriak izango dituzte maiatzaren 16tik aurrera. Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa diputatu Arantza Tapiak adierazi du linea berriak martxan jartzeko akordio bat lortu zela Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundien artean.

Horrela, eta bi lurraldeetako batzar nagusiek berretsi ondoren, Tapiak eta Pilar Ardanza Bizkaiko arlo bereko diputatuak sinatu zituzten zerbitzu hauek arautzen dituzten hitzarmenak. Modu honetan, A3923 linea, abiapuntua eta helmuga Elorrion zituena, Arrasatera iritsiko da, eta lehen Ondarroaraino iristen zen A3916 linea, berriz, Mutrikuraino iritsiko da. Bizkaibusek kudeatuko ditu bi ibilbide horiek.

Linea berriek sei bidaia egingo dituzte autobidetik Arrasate, Elorrio, Durango eta Bilbo artean, eta hiru bidaia Mutriku, Ondarroa, Markina, Ermua eta Bilbo artean, autobidetik ere. Akordio hau indarrean egongo da 2012. urtea amaitu arte eta modu automatikoan luzatu ahal izango da urte beteko aldietan. Lineak abian jartzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak 242.100 euro jarriko ditu bi urte hauetan, herri hauetara luzatzea suposatzen duen kostua ordaintzeko.

Zehazki, Arrasatetik Bilborako zerbitzuak, 7:45, 8:45, 9:45, 13:45; 19:45 eta 20:45ean izango dira, eta Bilbotik Arrasatera berriz, 6:00, 7:00, 8:00, 12:00, 18:00 eta 19:00etan. Mutrikutik Bilbora, 6:25, 7:25 eta 13:25ean aterako dira autobusak, eta Bilbotik Mutrikura, 12:10, 19:10 eta 20:10ean.