Arrazakeria eta Xenofobiaren aurkako Bilboko I. Lasterketa egingo da martxoaren 20an

Arrazakeria eta Xenofobiaren aurkako Bilboko I. Lasterketaren kartela
BILBOKO UDALA
Actualizado: viernes, 11 marzo 2011 12:43

BILBO, 11 Mar. (EUROPA PRESS) -

Arrazakeria eta Xenofobiaren aurkako I. Herri Lasterketa antolatu dute Bilbon martxoaren 20an, Arrazakeria eta Xenofobiaren kontrako Nazioarteko Eguna gogoratzeko eta kanpoaldean kirolaren praktikaz baliatuz gizarte baketsu, demokratiko eta tolerante batean bizikidetzaren balioa sustatzeko asmoz.

"Ni Bilbokoa... arrazakeriaren aurkakoa" izenburuko ekimena Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Herritartasun Sailak eta Immigrazioaren Bilboko Udal Kontseiluak antolatu dute. Hitzordua martxoaren 20an izango da, eta Bi-Open 2011-2013 Aniztasuna Kudeatzeko Planaren barruan dago. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun eta Herritarren Eskubideetarako Zuzendaritzaren, BBKren eta Euskaltelen babesa dauka, zenbait markarekin lankidetzan jardunez.

Hitzordua ez da lehian aritzeko antolatu eta Bilboko nahiz ondoko udalerrietako gizon-emakume helduen eta umeen arteko gizarte-topagune bilakatu nahi du, jaioterria alde batera utzita. "Horretarako, bakean antolatutako bizikidetzaren balioa batera aldarrikatu behar dute, Bilbo askotarikoa eta kulturanitza den gizarte bati zabalik dagoela erakutsiz, genero, adin, arraza, erlijio edo bestelako arrazoiengatiko mota guztietako bereizketen aurrean, gizartearen arbuioa jai giroan azalduz", azaldu dute antolatzaileek.

Arrazakeria eta Xenofobiaren kontrako Bilboko I. Lasterketaren helburua herritar guztiak bazterketa mota guztien kontra eta hiri-eredu kulturanitzaren alde agertzea da.

Handiek zein txikiek, gizonezkoek nahiz emakumezkoek, jatorri guztietako herritarrek parte har dezakete lehiarako ez den kirol proba honetan. Horregatik, proba atletikoetan korrikalariek eramaten duten bizkarraldeko ohiko zenbakiaren ordez, martxoaren 20an egingo den lasterketaren parte-hartzaile guztiek kanpaina gomutatzeko goiburua daukan kamiseta jantziko dute.

"Ni Bilbokoa... arrazakeriaren kontrakoa" lasterketaren irteera Euskalduna Jauregiaren pantalanaren aldean izango da, goizeko 11:00etan. Txikienek 500 metroko distantzia egingo dute eta helduek, berriz, Uribitarteko kaiari hainbat buelta emango dizkiote ibilbideko 7.344 metroak osatu arte. Parte hartzeko moduak askotarikoak dira: korrika, patinetan, gurpildun aulkian, haurtxoen gurditxoan eta abar.

Izen-ematea doakoa da, eta lasterketan parte hartzeko interesa dutenek martxoaren 18a baino lehen egin behar dute, 944 238 659 telefono zenbakira deituz edo bhm@eventosbhm.com helbide elektronikora mezua bidaliz. Parte-hartzaileek kamiseta bana jasoko dute probaren gomutagarri, eta lasterketa amaitutakoan kirol materiala eta lagun birentzako afari bana zozkatuko dira.