Arrazakeria, xenofobia eta gorroto-delituei buruzko jardunaldi bat izango da bihar EHUko Leioako campusean

Actualizado: jueves, 24 marzo 2011 13:14

BILBO, 24 Mar. (EUROPA PRESS) -

"Arrazakeria, xeonofobia eta gorroto-delituak" deritzon jardunaldia egingo da bihar, goizeko 10:45ean hasita, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zuzenbide Fakultateko Bizkaiko Ordezkaritzako II. Aulategiko Roseton aretoan, Leioako campusean. Arrazakeria eta Xenofobiaren Nazioarteko Egunaren haritik antolatu da saioa, sarrera doan eta librea izango duena.

EHUko iturriek adierazi dutenez, jardunaldiaren helburua arrazakeriaren kontrako politika kriminala aztertzea da, batez ere epaileek legea ezartzerakoan duten arazoen ikuspegitik. Dena dela, Gobernuz Kanpoko Erakundeen ikuspegia ere present izango da, haiek oinarri-lanean leku ezin hobeagotik euskal gizartearen bilakaera eta jardunbidea behatzeko aukera dutelako, bai eta horren aurrean legezko partaidetza taxuzkoa denentz epaitzeko ere.

Besteak beste, eztabaidagai izango dira etorkinen aurka botatzen diren diskurtso xenofoboen erantzukizun penala, gorrotoa pizteko eratzen diren web-orrien nondik norakoak, aisialdietako tokietara sartzeko oztopo diskriminatzaileak -esaterako, diskoteketara edo aisialdi guneetara-, talde neonazien hazkundea edota horren aurrean noraino murriztu daitekeen adierazpen askatasuna, edo bestelako askatasunik, demokraziaren izenean.

Jardunaldian parte hartuko duten adituen artean dago Miguel Angel Aguilar Gorroto- eta Diskriminazio-delituen Zerbitzuko Fiskal Koordinatzailea, Bartzelonako Fiskaltzapean. Unitate hau da delituotan berezitua dagoen bakarra. Arrazakeria eta bereizkeriazko ekintzetan ikerketa-lerroa duten EHUko beste bi irakasle ere izango dira jardunaldian: Jon M. Landa eta Iñigo Lazkano, zuzenbide penaletik eta Europako Giza Eskubideen Itunetik izan litezkeen arazoak aztertzeari begira.