Arrazakeriari aurre egiteko kanpaina bat prestatu du Gipuzkoako Aldundiak

Actualizado: lunes, 9 marzo 2015 16:20

DONOSTIA, 9 (EUROPA PRESS)

   Gipuzkoako Foru Aldundiak arrazakeriaren aurrean herritarrak sentsibilizatzeko kanpaina bat abiarazi du, martxoaren 21a Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuta. Kanpainak "Eman aurpegia contra el racismo" du izenburutzat, eta goi mailako lau kirolari ditu protagonista: Naroa Agirre atleta, David Doblas saskibaloi jokalaria, Eli Pinedo eskubaloi jokalaria eta Imanol Agirretxe futbol futbolaria. Kanpaina Foru Aldundiaren jauregian aurkeztu da, astelehen honetan.

   Gipuzkoako Foru Aldundiak, Migrazio eta Aniztasunaren Zuzendaritzaren bidez, mezu garbi bat zabaldu du agintaldi honetan: "Gipuzkoa eta Euskal Herria anitzak dira herritarren jatorriari, identitateari edo kulturari dagokienez; aniztasuna aberasgarria da, eta aniztasun hori kohesio elementu bihurtu behar dugu, herritar guztien eskubide guztiak bermatuta".

   Martin Garitano diputatu nagusiak adierazi duenez, "errealitate horretan sinesten dugulako, kezkaz ikusten dugu nola ugaritzen ari diren azkenaldian mezu xenofoboak edo nola jartzen ari diren jopuntuan kolektibo jakin batzuk".

   Joera horri aurre egin behar diogu, enofobiari eta arrazakeriari ezetz esan behar diegu. Gipuzkoan eta Euskal Herrian bizi diren herritar guztiak dira euskal herritarrak, edozein dela ere beren jatorria, eta denek dituzte eskubide eta betebehar berberak. Hori da nahi dugun Gipuzkoa, eta hori da nahi dugun Euskal Herria", azaldu du.

   Garitanok azaldu duenez, foru erakundeak bi arrazoirengatik pentsatu zuen kirolari hauei kanpainan parte hartzeko proposamena egitea: pertsona erreferentzialak direlako gipuzkoarren artean, batetik, eta kirola -zenbait kirol, bereziki- portaera arrazistekin lotzen delako askotan bestetik.

   "Ez da egia, ordea, eta ezin da egia izan: kirola topagunea da, hainbat jatorritako jendea elkartzen du, eta elkarbizitzarako tresna izan behar du", gaineratu du.

HAINBAT EUSKARRI

   Kanpaina astelehen honetan hasi eta martxoaren 21ean bukatuko da, Xenofobiaren eta Arrazakeriaren Kontrako Egunarekin bat eginez, eta hainbat euskarri erabiliko ditu: telebista spota, irrati iragarkiak, kartelak, autobusetako errotulazioak eta abar.

   Herritarrek ere kanpainan parte hartzeko aukera izango dute. David Doblasek, Eli Pinedok, Imanol Agirretxek eta Naroa Agirrek aurpegia eman duten bezala, gipuzkoarrek ere aurpegia eman ahal izango dute Twitter bidez beren 'selfie' edo argazkia bidalita. Bi traola sortu dira mezu horietarako: #emanaurpegia eta #arrazakeriarenkontra. "Twitter arrazakeriaren aurkako oihu" bihurtzeko deia egin du Martin Garitanok.

   Azkenik, diputatu nagusiak eskertu egin du kanpainan parte hartzeko kirolarien eta haien kluben prestutasuna. "Jendarte bizi eta konprometitua dugu Gipuzkoan, eta zuek ere horren adibide zarete", esan du Garitanok.