Arriaga Antzokiak 6.100dik gora bisitari jaso ditu Ate Irekien Egunean

Bilboko Arriaga Antzokia
EP
Actualizado: lunes, 7 marzo 2011 14:28

BILBO, 7 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Arriaga Antzokiak Ate Irekien Egun "arrakastatsua" ospatu zuen atzo, adin guztietako 6.166 lagunek bisitatu baitzuten antzokia eguerdiko 12:00etatik arratsaldeko 19:00ak arte. Goiz-goizetik, antzokira sartzeko ilarak zeuden Arriaga plazan, eta 12:35erako 1.000 pertsona baino gehiago sartu ziren jada, antzokiko arduradunek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.

Arriaga Antzokiraino bertaratu zen publikoa artista ugariren doako emanaldiez gozatu ahal izan zen: Itxaro Mentxaka mezzosopranoa, Ainhoa Zuazua sopranoa, Bego trapezista, Javier Tome tenorea, Gurutze Beitia aktorea, Carlos Imaz pianista eta Rossini Korua. Horiek guztiak modu desinteresatuan aritu ziren Arriaga Antzokia berriz ireki zenetik 25 urte pasatu direla herritarrekin batera ospatzeko.

Carlos Roo eta Aritza Rodriguez aktoreek publikoa gidatu zuten bisitaldian, eta antzokiko eszenatokian izan ziren ikuskizunak aurkeztu zituzten. Bisita alaitzeko, garaiko jantziz apaindutako hamar figurante aritu ziren gidari gisa, antzokitik gutxien ezagutzen diren lekuak erakutsiz publikoari.

Halaber, foyer-ean Arriaga Antzokiaren azken urteotako ekoizpenetako jantzien erakusketa bat antolatu zen, horien artean, "La Tempestad" antzerki-ekoizpenean Marisa Paredesek eraman zuen jantzia, Isidre Prunes figuringileak sortua; Pepa Ojangurenen jantzia Emilio Sagiren "Katiuska"-rentzat; edo Gabriela Salaverrik "Les Mamelles de Tiresias" lanarentzat sortutako pieza harrigarriak eta Maria Bayok "Mirentxu" rolean jantzi zuen soinekoa, Miriam Ocariz diseinugile bilbotarrarena.

"Zatoz Arriaga Antzokira, zurea da!" izenburupean, atzoko Ate Irekien Egunarekin hasi dira Arriaga Antzokiaren berrirekitzearen 25. urtemuga ospatzeko ekitaldiak. Izan ere, Arriaga Antzokiak 1986ko abenduaren 5ean ireki zituen berriz bere ateak, uholde hondagarrien ostean.