Arriaga Antzokiak Ate Irekien Eguna ospatuko du bihar

Actualizado: sábado, 5 marzo 2011 14:22

BILBO, 5 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Arriaga Antzokiak Ate Irekien Eguna ospatuko du bihar. Izan ere, duela 25 urte, antzokiak bere ateak ireki zituen berriz, birmoldaketa baten ostean, 1983ko uholdeak gertatu ondoren. Antzoki bilbotarrak publikoarekin ospatu nahi du berrirekitze hori, eta 12:00etatik 19:00ak arte, askatasunez bisitatu ahal izango dira antzokiaren instalazioak.

Antzokira gerturatzen diren pertsonak antzokiko halletik, lehen solairuko foyerretik, besaulki-patiotik eta beraren ingurumaritik ibili ahal izango dira. Halaber, eszenaratu aurretik artistek beren prestaketarako erabiltzen dituzten kamerinoak ere ikusi ahal izango dituzte, eta baita "Orient Express" izenez ezagutzen den aretoa ere.

"Orient Express" -normalean itxita egoten da- areto txiki bat da, bere dekorazioagatik antzinako tren baten bagoi dotoreak gogoratzen dituena. Bisita alaitzeko, garaiko jantziz apaindutako figuranteak arituko dira gidari gisa, antzokitik gutxien ezagutzen diren lekuak erakutsiz publikoari.

Antzokiko arduradunek adierazi dutenez, Ate Irekien Egunak Arriaga Antzokiaren filosofia indartzen du: udal antzoki bat, publikoari zuzenduta, herritar guztiek eta guztientzat pentsatutako programazioarekin.

2010. urtean, Arriaga Antzokiak opera, zarzuela, antzerki, dantza eta musikako 269 emanaldi eskaini zituen guztira, eta, hala, beste urte batez handitu egin du ikuskizunen eta publiko mota guztientzat pentsatutako ekoizpen propioen eskaintza. 2010-2011 sasoiko programazioari Ate Irekien Egun hau gehitzen zaie orain, bizitzaren azken 25 urte hauek ospatzeko antzokira bertaratzen diren pertsona guztiekin.