Arriaga Antzokiak "Beaumarchais" ekoizpen propioa aurkeztuko du bihar

Antzezlanaren irudi bat
ROS RIBAS
Actualizado: jueves, 3 febrero 2011 18:16

BILBO, 3 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Arriaga Antzokiak eta Teatro Español-ek indarrak batu dituzte "Beaumarchais" izenburuko antzezlan berria eszenatokietara aurreneko aldiz eramateko. Josep Maria Flotats zuzendaritzan, dramaturgian eta rol nagusian egonda, Sacha Guitry-ren obra bihartik otsailaren 13ra arte izango da ikusgai antzoki bilbotarrean.

Arriaga Antzokiko arduradunek adierazi dutenez, "Beaumarchais" 2010eko azaroaren 30ean estreinatu zen Madrilgo Teatro Español-en, eta orain Arriaga Antzokira iritsiko da. Josep Maria Flotats buru duen ekoizpenak 30 aktore biltzen ditu, "Sevillako bizargina" eta "Figaroren ezkontzak" obren autorearen bizitzari buruzko muntaketa honetan.

Aktoreen artean, Maria Adanez, Jonas Alonso, Javier Ambrossi, Mario Angulo, Raul Arevalo, Ramon Barea, Boj Calvo, Esperanza Candela, Pedro Casablanc, Richard Collins-Moore, Carmen Conesa, Francisco Davila, Josep Maria Flotats, Miranda Gas, Jose Gomez, Maite Gonzalez, Ana Goya, Olmo Hidalgo, Lander Iglesias, Alvaro de Juan, Geraldine Leloutre, Crismar Lopez, Borja Luna, Carolina Martin, Rebeca Matellan, Jaime Moreno, Ricardo Moya, Constantino Romero eta Andres Ruiz daude.

Sacha Guitry-ren testu batean oinarrituta, eta Mauro Armiñoren itzulpenarekin, "Beaumarchais" lanak Pierre Agustin Caron de Beaumarchaisen bizitza kontatzen du (1732-1799), hau da, hurrenez hurren, Mozartek eta Rossinik beren musikarekin betikotu zituzten "Figaroen ezkontzak" eta "Sevillako bizargina" obren autorearen bizitza.

Parisen jaio eta hil zen idazle eta antzerkigile frantsesak aitaren erlojugile ofizioa ikasi zuen eta hiru aldiz ezkondu zen, lehen bietan alargun aberatsekin. Espekulaziozko negozioak egin zituen eta hainbat aldiz aberastu eta galdu zuen dena. Azpijokoetan treba, Monarkiaren eta Iraultzaren konfiantza izan zuen, baina biek ala biek jazarri zuten gero. Arma trafikatzaile izan zen eta Autore eta Konposatzaile Dramatikoen Sozietatea sortu zuen.