Arriaga antzokiak "Sister Act" eskainiko du Bilboko Aste Nagusian

Foto: ARRIAGA ANTZOKIA
Actualizado: jueves, 12 marzo 2015 14:24

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

   Arriaga antzokiak "Sister Act" filman oinarrituriko izenburu bereko musika ikuskizuna eskainiko du abuztuaren 20tik irailaren 13ra arte, tartean Bilboko Aste Nagusia dagoela. Ia 30 emanaldi izango dira, eta sarrerak dagoeneko salgai daude www.teatroarriaga.com webgunean, 946 850 850 telefonoan eta antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.

   Ikuskizunaren prezioak 15 eta 59 euro artekoak izango dira, eta beherapen ugari eta prezio murriztuko ikus-entzulearen egunak ere egongo dira, antzokiko arduradunek jakinarazi dutenez.

   Musikalaren jatorria Whoopi Goldberg protagonista izan zuen "Sister Act" (1992) film arrakastatsua da, eta Whoopi Goldberg bera ere musika eta antzerki ikuskizunaren atzean dago, ekoizle gisa. Ikuskizuna Londreseko West End mitikoan estreinatu zen 2009an, erabateko arraskatarekin, eta bi urte geroago Broadwayn ere antzeztu zuten, txalo artean.

   Estreinatu zenetik sei urte ere igaro ez direnean, dagoeneko 12 herrialdetan eskaini da eta zazpi hizkuntzatara itzuli da. Horrela, lau milioi pertsona baino gehiagok ikusi dute "Sister Act" musikala mundu osoan.

   Arriaga antzokiak eskainiko duen gaztelaniazko bertsioa 2014ko urrian estreinatu zen Bartzelonan, eta ordutik arrakasta itzela lortu du bertan. Ikuskizuna "freskotasunez, erritmo ikaragarriz eta eszenaratze deigarriz betetako musikala da, eta milaka ikus-entzule zoriontsu egitea lortzen du", adierazi dute Arriagako arduradunek.

   Stage Entertainment ekoiztetxearen produkzioa da "Sister Act", El Terrat ekoiztetxearekin elkarlanean egina. Xavier Casadó gidoilaria arduratu da Cheri Steinkellner-en eta Bill Steinkellner-en liburua moldatzeaz, eta Marc Montserrat Drukker izango da antzezlanaren zuzendari egoiliarra.

   Ikuskizunak 70 pertsonatik gorako taldea mugitzen du. Antzezle taldea 25 kide baino gehiagok osatzen dute, eta, haiekin batera, zuzeneko musika jotzen duten zortzi musikari aritzen dira. Protagonista Mireia Mambo antzezle eta abeslaria da.