Arriaga Antzokiko ekoizpen lirikoek bi sari lortu dituzte Campoamor Sari Liriko ospetsuetan

Arriaga Antzokia
EP
Actualizado: martes, 4 enero 2011 13:46

BILBO, 4 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Arriaga Antzokiak bere ekoizpen lirikoentzako sariak jasoz hasi du urte berria, Campoamor Sari Liriko ospetsuen epaimahai adituak antzoki bilbotarraren "Chateau Margaux" eta "La Viejecita" zarzuela-ekoizpen bikoitza saritu baitu, banatzen dituen hamar sarietatik bi eman baitizkio.

Arriaga Antzokiaren ekoizpen hau, Campoamor Antzokiarekin eta Bartzelonako Grec Jaialdiarekin koprodukzioan egina, Espainiar Opera edo Zarzuelako Ekoizpen Berririk Onenarentzako Sariaren irabazlea izan da. Gainera, epaimahaiak Borja Quiza baritonoa ere nabarmendu du, Zarzuelako Abeslaririk Onena izendatuz, "La Viejecita" obrako Carlosen rolagatik.

Antzoki bilbotarreko iturriek adierazi dutenez, V. Campoamor Sari Lirikoen banaketa urtarrilaren 10ean izango da, arratsaldeko 20:00etan. Galaren zuzendaria Lluís Pasqual izango da, eta eszenografiaren egilea Daniel Bianco, Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoaren ondokoa. RTPA Asturiasko Irrati-telebistak sarien banaketa emango du zuzenean Oviedoko Campoamor Antzokitik.

Manuel Fernández Caballeroren "Chateau Margaux" eta "La Viejecita" zarzuelen ekoizpen berriak Miquel Ortegaren musika-zuzendaritza eta Lluís Pasqualen eszena-zuzendaritza izan zituen; era horretan, azken horrek lehenengo aldiz ekin zion ikuskizun liriko bat zuzentzeari. Bilbon estreinatu zen, 2009ko ekainaren 22an; geroago, Bartzelonako 2009ko Grec Jaialdira joan zen (2009ko uztaila), eta 2010eko udaberrian Oviedoko Campoamor Antzokira eta Madrilgo Teatros del Canaletara.