Arrigorriagako Udalak Mendikosoloko urtegiko urak aprobetxatuko ditu hiri-erabilerarako

Actualizado: martes, 8 febrero 2011 14:32

BILBO, 8 Feb. (EUROPA PRESS) -

Arrigorriagako Udalak Mendikosolobarrena parkeko urtegiko ura erabiliko du udaberritik hiri-erabilerarako, esate baterako, ureztatze-lanak egiteko eta kaleak garbitzeko, Alberto Ruiz de Azua alkateak esandakoaren arabera.

Udal bizkaitarra Mendikosoloko urtegitik Arrigorriagako herrigunera ura banatzeko sarea eraikitzeko lanak ari da amaitzen gaur egun, ur hori aprobetxatu ahal izateko. Arrigorriagako aisialdi-gunean garatuko den proiektua, urtegiko urak hiri-zerbitzuetarako aprobetxatzera bideratua, joan den urteko irailetik aldi berean egin diren bi fasetan betearazi da.

Lehenengo fasean, ura banatzeko kanal bat egin da Mendikosolobarrena eta Mintegiko urtegitik Arrigorriagako herriguneraino; bigarrenean, berriz, edateko ez den ura erabiliko duen ureztatze sistema egin da Lehendakari Agirre parkearen eremuan. Proiektuek 440.677 eta 319.999 euroko balioa izan dute, hurrenez hurren.

Mendikosolabarrenako lanak zenbait urte daramatza ikerketa-fasean, eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren aholkularitza izan du. Baliabide hidrikoak aurreztea eta baliabide horien kudeaketaren eraginkortasuna lortzea da helburua, edatekoa ez den ura ureztatze-lanetarako erabiliz. Gauzak horrela, bigarren E Planaren filosofiarekin bat egiten du; izan ere, planak, bere bigarren edizioan, ingurumen arloko proiektuen finantziazioa du helburu.

Arrigorriagako alkatearentzat, "Mendikosolobarrena parkeko urtegi txikian bildutako ur naturala parkeen ureztapenerako eta kaleen garbiketarako erabiltzea jarduera aitzindari eta eredugarria da iraunkortasunaren ikuspuntutik".

"Oso lan interesgarria da ekologiaren eta ingurumenaren ikuspuntutik -adierazi du, oso ohikotzat jotzen ditugun gauzak egiten ditugunean, ez baikara konturatzen erabiltzen dugun ura oso garestia dela eta oso ondasun baliotsua botatzen ari garela".