Arrolako oppidumaren inguruko jardueren egutegia prestatu du Bizkaiko Foru Aldundiak

Erakusketan ikus daitekeen materiala
Foto: BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: viernes, 31 enero 2014 13:36

BILBO, 31 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Alde Zaharrean dagoen Bizkaiko Arkeologia Museoak "Arrolako oppiduma. Herrigune indigena bat Urdaibain" izenburuko erakusketa du ikusgai martxoaren 16ra arte, Bizkaiko Foru Aldundiak Arrolako oppidumaren inguruan antolatu duen jardueren egitarauaren baitan. Programa horretan, ibilbide arkeologiko bat, bisita gidatuak eta tailerrak ere antolatu dira, foru erakundeak jakinarazi duenez.

   Horrela, Burdin Aroko aztarnategia induskatu, ikertu eta berreraikitzeko egindako lanak jaso dira erakusketan, bai eta haren balioa ezagutaraztekoak ere. Bizkaiko Aldundiak 2009tik dihardu zeregin horretan, Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) batera. Erakusketa osatzeko, museoak bisita gidatuak antolatu ditu, erakusketa amaitu arte, ostegunetan.

   Arrolako oppiduma Bizkaian aztertzen den lehen gune arkeologikoa da, eta aztarnategia bertatik bertara ezagutzeko, ibilbide arkeologiko bat antolatu da martxoaren 1erako. Ibilbidearen hasieran, aldi baterako erakusketa eta Burdin Aroaren aretoa bisitatu eta aztarnategietan jasotako materialak erakutsiko dira. Gero, autobusez, Arrolara joango dira bisitariak, eta aztarnategiko zuzendarien azalpenak entzungo dituzte.

   Bestalde, otsailaren 22an eta martxoaren 15ean, "Arkeologia egun batez" izenburuko familientzako jarduera antolatu da. Tailer horretan parte hartzen dutenek Burdin Aroko materialak dituen antzinako aztarnategi arkeologiko bat induskatzen ari direlako itxura egingo dute.

   Arrolako oppidumaren inguruan Bizkaiko Aldundiak antolatu dituen jarduera horietan guztietan parte hartzeko, beharrezkoa da aurretik museoaren telefonora deitzea: 94 404 09 90.