Arropak, jostailuak, liburuak eta tresna elektriko txikiak batzeko 20 edukiontzi berri jarri ditu Getxoko Udalak

Edukiontzi Berria Jartzen Hasi Dira Getxon
GETXOKO UDALA
Actualizado: miércoles, 13 abril 2011 19:56

BILBO, 13 Abr. (EUROPA PRESS) -

Getxoko Udaleko (Bizkaia) Ingurumen Saila hasi da dagoeneko etxeko tresnak, jostailuak, liburuak, aparatu elektriko edo elektroniko txikiak, arropak eta oinetakoak gaika biltzeko eta berrerabiltzeko 20 edukiontzi berriak jartzen.

Edukiontzi berriak zuri kolorekoak izango dira, eta arropak eta oinetakoak bildu eta birziklatzeko udalerrian zehar banatutako 18 edukiontzi berdeak ordezkatuko dituzte, horiek zeuden leku berean jarriz. Gaikako bilketa hau Rezikleta gizarte-kooperatibak ere kudeatuko du.

Getxorekin batera, bilketarako sistema berritzaile hau, esperientzia pilotu bezala abiatuko dute Bizkaiko beste zortzi udalerritan, hots, Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela, Urduliz eta Santurtzin.

Zerbitzu hau irekita egongo da eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan, eta hartara, bilketa eskaintza zabaltzea ahalbidetuko du, herritarrei dagoeneko erabiltzen ez dituzten eta orain arte gordetzeko lekurik ez duten etxeko tresnak edukiontzi berrietan uzteko aukera emanez.

Bildutako gaiak aipatu kooperatibak Zamudion duen lantegian sailkatu eta higienizatuko dituzte, ondoren berriro erabili ahal izateko bere denda-sarean salduta; Getxon bi denda ditu Rezikletak.

Bigarren bizitza bat eduki ezin izango duten tresna edo gaiak, berriz, birziklatu egingo dituzte berauen osagaiei behar bezalako tratamendua emanez.