Arrosa Irrati Sareak esperientziak elkartrukatzeko jardunaldiak egingo ditu Bergaran

Actualizado: martes, 17 enero 2012 13:42
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 17 (EUROPA PRESS)

   Arrosa Irrati Sareak jardunaldi batzuk antolatu ditu otsailaren 25erako Bergarako gaztetxean (Gipuzkoa), bere hamar urteetan pilatutako esperientziak eta jakintzak elkartrukatzeko helburuarekin, ekimenaren antolatzaileek adierazi dutenez.

   Arrosa Sarea duela ia hamar urte sortu zen. Euskal Herriko hainbat irrati txikiren arteko elkarlana oinarri hartuta, sarea eraiki zen 2002ko maiatzean. Sarearen egiteko nagusia euskarazko irratsaioak elkartrukatzea izan da, orain artean. Hala ere, sareko kideek "etekin handiagoa" atera ahal zela pentsatu dute beti, elkarlanean beste hainbat gauza ere egin ahal zirelako.

   "Irrati txikiok, gehienok ez-profesionalak gainera, eguneroko lanean agertu zaizkigun beharrei erantzuteko tresna propioak sortu behar izan ditugu, eta horretara datoz jardunaldi hauek, hain zuzen ere: tresna hauek elkartrukatzera, bakoitzaren ezagutza besteekin konpartitzera", azaldu dute.

   Horrela, hamar tailerretan hamar gairen inguruan lanean arituko dira otsaileko jardunaldietan, oinarrizkoenetik, teknikoenera, baina beti ere, kontu praktikoak. Honekin, hasi berri diren edo hastear dauden herri edo auzo irratiei dei berezia egin diete jardunaldietara joateko.

   Tailerrak goizez izango dira, ondoren bazkaldu eta arratsaldeko saioari ekiteko. Arratsaldean pare bat gairen inguruan solasean arituko dira nagusiki, landu diren esperientzietan oinarrituta. Batetik, "generoa eta komunikabideak" gaia hartuko da hizpide, eta bestetik, "irratiak eta teknologia berriak".

   Jardunaldiei amaiera emateko, denon arteko eztabaida saio bat izango da, World Cafe moduan, eta gauerako kontzertu pare bat ere antolatu dira. Hau guztia Bergarako Gaztetxean izango da otsailaren 25ean, goizeko 10:00etan hasita.