Artea, zinema eta sukaldaritza elkartuko dira asteazkenero Artiumen

Actualizado: lunes, 10 agosto 2015 12:56

GASTEIZ, 10 (EUROPA PRESS)

   Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak (Artium) eta Cube jatetxeak artea, zinema eta nazioarteko sukaldaritza bilduko dituen zikloak antolatuko ditu asteazkenero abuztuaren 12an hasita. Horrela, irailaren 2ra arte, asteazkenero museoko artelan bat ikusi eta azalpenak entzun ondoren, pelikula bat proiektatuko da, eta ondoren, filmaren gertaerekin zerikusia duen jateko bat eskainiko da.

   Artium Museoko bozeramaileek jakinarazi dutenez, proposamena lau pelikularen inguruan taxutu da, eta guztietan sukaldaritzak eta gastronomiak garrantzi handia dute. Proiekzio bakoitzaren aurretik (jatorrizko bertsioan eta gaztelaniazko azpitituluekin), Museoan ikusgai dauden artelanetako baten bisita egingo da, eta azalpenak emango dituen gidak gero Emanaldi aretoan proiektatuko den pelikularekin lotuko du.

   Ondoren, filmean egiten den sukaldaritza estiloan inspiratutako ahamen bat dastatzeko aukera izango dute ikus entzuleek, Cube jatetxearen sukaldean prestatua. Esperientzia artistiko gastronomiko horren prezioa 7,50 eurokoa da saioko, edaria barne. Artiumen Adiskideei bost euroko prezio berezia egingo zaie. Artelanen bisitak, hautazkoak, 19:30ean hasiko dira, eta proiekzioak 20:00etan. Aurretik erakusketen bisita bat eginez osa daiteke arratsaldea, asteazkenetako "Zuk nahi duzuna" tarifa aprobetxatuz.

   Artea, zinema eta gastronomia 1968ko The Party pelikularen proiekzioarekin hasiko da, Peter Sellers protagonista duen Blake Edwardsen maisulanarekin. Sellers indiar aktorea da, produkzio handi batetik bota dutena eta, hutsegitez, Hollywoodeko jai batera gonbidatu dutena. Pelikula gag-en "segida txit argia" da, eta Henry Mancini artistaren soinu banda bikainak biribiltzen du guztia.

   Proiekzioaren aurretik Poder pieza ikusiko da, Ángeles Agrela-ren bideo bat, Eragabetasuna erakusketan ikusgai dagoena, eta pelikularekin umore absurdu eta zentzugabeak, eta gizakiak berezkoa duen baldarkeriak lotzen duena. Proiekzio honi lagun egingo dion ahamena: Bloody Mary gastronomikoa eta Idiazabal aparra.

   Hurrengo asteazkenetako saioetan The Cook, the Thief, His Wife and Her Lover; Chocolat; eta Julie & Julia filmak izango dira ikusgai.  Sarrerak salgai daude dagoeneko Museoko txartel leihatilan. Pelikularen aurretik erakusketa aretoetara egingo den bisita 25 lagunek egin ahal izango dute gehienez ere, beraz, garrantzitsua da interesatuek aurretik tokia gordetzea.

   Proiekzioak 20:00etan hasiko dira, eta guztiak jatorrizko bertsioan izango dira, gaztelaniazko azpitituluekin. Ahamena pelikula amaitu ondoren hasiko da banatzen Cuben. Txartelen prezioa 7,5 eurokoa da; Artiumen Adiskideei 5 euroko prezio berezia egingo zaie.