Artedrama Euskal Laborategia arte eszenikoetan euskaraz lan egiten duten topagunea izango da apirilaren 24tik 30era

Actualizado: viernes, 15 abril 2011 18:34

BILBO, 15 Abr. (EUROPA PRESS) -

Artedrama Euskal Laborategia (ADEL) arte eszenikoetan euskaraz lan egiten dutenen topagunea izango da aurten ere, Aulestin (Bizkaia), apirilaren 24tik 20era bitartean, aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizaleei irekia. Profesional zein ikasleentzako bideratuta dago aurtengo edizioa, beti ere Euskal Herriko arte eszenikoetan murgilduta daudenon arteko eztabaidak eta elkartrukeak sustatzeko asmoarekin.

2006. urtean laborategi gisa jaiotako topagune honek badu zer eskaintzerik euskal arte eszenikoen esparruan, bai profesionalei eta bai aditu zein zaleei ere. Euskal Herriko herrietan eta euskara mugarri, aspaldi lanean dabiltzan aktore, ikerlari eta sortzaileak izango dira irakasle eta solaskide moduan: Ainara Gurrutxaga, Miren Tirapu, Maria Urzelai, Miren Gaztañaga eta Iñake Irastorza.

Aurtengo ADEL seigarrena izango da, eta parte hartzen duten profesionalek eskainiko dituzten ikastaroez aparte, Aulestin hainbat emanaldi eta ikuskizun burutuko dira aste osoan zehar, hala nola "Munstroa", "Stereo", "Herio Heroi", "Iduzkilore" edo "Errautsak".

ADEL topaketen edizio berri honen xehetasun guztiak jakinaraziko dituzte apirilaren 19an, goizeko 11:00etan, Bilboko Yorick liburudendan. Han izango dira Iñake Irastorza, Maria Urzelai, Ainara Gurrutxaga eta Ander Lipus.