Arteshop Bilbaok EHUko ikasleen 75 artelan erakutsiko ditu saltokietan

Ekimenaren bosgarren edizioa da aurten
Foto: ARTESHOP BILBAO
Actualizado: lunes, 8 junio 2015 14:22

BILBO  8 (EUROPA PRESS)

   BilbaoArte Fundazioak, Bilboko Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) elkarlanean antolaturiko Arteshop Bilbao ekimenaren bosgarren edizioak EHUko 75 ikaslek egindako 75 artelan bilduko ditu, eta Bizkaiko hiriburuko beste horrenbeste saltokitan jarriko ditu ikusgai. Horrela, astelehen honetatik ekainaren 20ra bitartean "talentuari, sormenari eta diseinurik gazte eta abangoardistenari zabalik egongo den museo bihurtuko da Bilbo".

   Bilbao Ekintza udal sozietateko Enpresen Sustapenerako Saileko zuzendari Eva Salcedok, BilbaoArte Fundazioko zuzendari Juan Zapaterrek eta EHUko Bizkaiko campuseko errektoreorde Carmelo Garitaonandiak Arteshop Bilbao ekimenaren bosgarren edizioaren erakusketa fasea aurkeztu dute astelehen honetan, Bilboko udaletxean.

   Ekimen honekin, hiriko merkataritza jarduera bultzatu nahi da, baita interesgarriak diren saltokiei balio erantsia eskaintzea. Gainera, EHUko Arte Ederretako Fakultateko ikasleen artelanak merkataritza saltokietan jartzeari esker, lehenengoz ikusi ahalko da etorkizunean artista izan eta artearen munduan joera markatuko dutenen sormena.

   Arteshop Bilbao ekimenak bosgarren edizioa du aurten, eta oraingoan Bilbao Ekintzak hautatutako 75 saltokik EHUko Arte Ederren Fakultateak aukeratutako 75 ikasleren artelan berriak eta hitzordu honetarako sortutakoak erakutsiko dituzte. Proiektu artistikoak saltoki parte hartzailetan izango dira ikusgai ekainaren 20ra bitartean. Lan honetarako Bilbao Arte Fundazioko hamar artisten tutoretza izan dute ikasleek, eta artelanak ere prestatu dituzte Erriberako Merkatuan edo Termibuseko Turismo Bulegoan ikusgai jartzeko.

   Aurkezpenean nabarmendu dute Arteshop Bilbao 2015 egitasmoak ikasle, saltoki zein artisten interesa piztu duela beste behin. EHUko Arte Ederretako Fakultatean hitzordu honetan parte hartzeko ikasleek edo ikasle taldeen 110 eskaera jaso dira eta, daltokiei dagokienez, oinarrietan ezarritako irizpideak betetzen zituzten saltokiak aukeratu zituen Bilbao Ekintzak, eta horietatik, izena eman zuten lehenengo 75 establezimenduek hartuko dute parte. Bilbao Arte Fundazioak ikasleen tutore izango diren hamar artista aukeratu ditu, aurkeztutako 30 eskabideetatik.

   Bilbao Ekintzak 400 euroko diru laguntza emango du lehiaketan parte hartuko duten Arte Ederretako Fakultateko ikasleen kasuan eta, Bilbao Arteko artistei dagokienez, diru laguntza 600 eurokoa izango da, proiektua ekoizteko eta garatzeko gastuen kontzeptu gisa.

BERRIKUNTZA

   Aurten, berrikuntza gisa, Arteshop Bilbao 2015 egitasmoaren erakusketa fasean zehar merkataritza saltokiak bisitatzeko doako ibilbide gidatuak antolatuko dira. Horrela, herritarrek ekimenean parte hartzen duten artelanak eta saltokiak gertuagotik ezagutu ahalko dituzte ekainaren 10ean, 11n, 12an eta 15ean, 10:00etatik 13:00etara.

   Merkataritza ibilbide hauetan parte hartzen dutenen artean 50 euroko 20 sari zozkatuko dira, Arteshop 2015 programan parte hartzen duten saltokietan gastatzeko.

   Ibilbide bakoitzak hiru ordu inguruko iraupena izango du, eta Bilboko Abando, Indautxu, Uribarri, Santutxu, Txurdinaga, Otxarkoaga, Deustu, San Inazio, Zazpi Kaleak eta Rekalde auzoak bisitatu ahalko dira. Parte hartu nahi dutenek 94 420 53 30 / 94 420 54 06 telefono zenbakietara deituz edo comercio@bilbaoekintza.bilbao.net helbidera mezu elektroniko bat igorriz eman ahalko dute izena.

EPAIMAHAIA ETA SARIAK

   Hiru erakunde sustatzaileen ordezkariek (Bilbao Ekintza, EHU eta BilbaoArte Fundazioa) hamar proiektu onenak aukeratuko dituzte. Ospe handiko epaimahaiak hiru artelan irabazleak hautatuko ditu, eta horretarako, hiru sari ezarri dira. Lehenengo saria 1.200 euro izango da, bigarrena 900 euro, eta hirugarrena 600 euro. Gainera, Publikoaren Sariarekin 450 euro ere emango dira; sari horren irabazlea herritarrek aukeratuko dute, telefono bidezko bozketaz.

   Publikoaren Saria EHUko Arte Ederretako Fakultatearen ikasleen eta saltokien lan bateratua aintzatesteko aipamena da. Horrez gain, herritarrek parte hartzea ere bultzatu nahi du, baita edizio honetan parte hartuko duten saltokiak eta Arte Ederretako Fakultateko ikasleen arte proiektuak ikusaraztea ere, komunikabide sozialen (http://www.arteshopbilbao.com/2015/) eta sare sozialen bitartez (https://es-es.facebook.com/ARTESHOP.BILBAO eta https://twitter.com/arteshopbilbao).

   Arteshop Bilbao 2015 ekimeneko sariak ekainaren 17an banatuko dira Bilboko Erriberako Merkatuan egingo den ekitaldi batean.