Artisten, erakundeen eta herritarren arteko harreman eredu berriak aztergai Donostia 2016n

Actualizado: jueves, 23 abril 2015 14:06

DONOSTIA, 23 (EUROPA PRESS)

   Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzak eta Donostia Kulturak "Artistak, kultura kudeatzaileak eta irakasleak: harreman molde berrien bila" jardunaldiak antolatu dituzte Donostia 2016 Gunean, apirilaren 27 eta 28rako. Artistei, konpainiei, kultur kudeatzaileei, irakasleei eta gizarte kolektiboekin lan egiten duten eragileei zuzenduta daude jardunaldiak.

   Antolatzaileek azaldu dutenez, sorkuntza eta bitartekaritza artistikoaren esparruko hainbat esperientzia ezagutaraziko dira: La Gomerako koreografia zentroak bultzatzen dituenak; Anis Gras Paris inguruko sorkuntza zentroarenak; edota zenbait proiektu artistiko parte hartzaile, besteak beste, Ana Eulatek El Mercat de las Flors merkatuaren koordinaziopean Bartzelonan abian jarritako "De un papel blanco" ekimena.

   Jardunaldiak Mugalariak programaren baitan antolatu dira. Programa honen helburua da harreman eredua eraldatzea kultur sistemaren hiru ardatz nagusien artean: artistak, ekipamenduak edo erakundeak eta herritarrak. Asmoa da laneko formula kohesionatuagoa eraikitzea, bitartekaritza artistikoa sorkuntzaren beste alderdi bat balitz bezala ulertuko duena. Hori beharrezko urratsa da publiko berriei arterako sarbidea errazteko.

   Mugalariak bigarren edizioan murgilduta dago. Lehen deialdian, antzerkiaren eta dantzaren arloko bost proiektu hautatu eta horien sorkuntza prozesuak hamar egonalditan garatu ziren, Iparraldeko eta Hegoaldeko antzoki eta kulturguneetan. Bigarren ekitaldian hautatu diren proiektuen egutegia eta bitartekaritza dinamiken diseinua orain ari da zehazten.

   Jardunaldi hauek Hameka, Theatre des Chimeres eta Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartearekin batera antolatu dira. Gainera, Akitania-Euskadi Euroeskualdearen laguntza ere izan dute.

   Lehen egunean, apirilaren 27an, lau hizlarik bizitako esperientziak kontatuko dituzte 45 minutu inguruko hitzaldietan. Horren ostean, mahai-inguru bat ere izango da. Carmen López eta Catherine Leconte, Anis Gras zentroaren koordinatzaileak eta zuzendariak, hurrenez hurren, haur hezkuntza, lehen hezkuntza, DBH eta batxilergoari zuzendutako curriculumaren edukia eta arte eszenikoak harremanetan jartzen dituzten programak azalduko dituzte.

   Anis Gras Paris inguruko kulturgune eta sorkuntza egoitza bat da, XIX. mendean destilategi izandakoa. Irakaskuntza plataforma ireki bat dauka, irakasleek eta artistek osatzen dutena, eta urtean zehar garatuko diren proiektuak aztertzeaz eta hautatzeaz arduratzen da. Gainera, auzo komunitatearekin partekatzen dituzten beste proiektu batzuk ere aurkeztuko dituzte.

ANA EULATE

   Bestalde, Pendiente konpainiako Ana Eulatek "De un papel blanco" bere obraren sorkuntza prozesuaren baitan bizitako bitartekaritza artistikoko esperientziaz hitz egingo du. "De un papel blanco" kondaira txinatar batean dago oinarrituta, zeinean giza dohain eta talentu artistiko handiko margolari zahar bat, bere dizipulua ondoan duela, Enperadorearen amorrutik libratu zen bere obraren bidez ihes eginez.

   Obraren sorkuntzan, konpainiak hainbat bitartekaritza jarduera egin zuen: koreografia tailerrak, dantza tailerrak artistekin, entsegu publikoak, Rogneseko eta Aixen Provenceko haurrekin kontraste saioak eta abar.

   Halaber, Errobi mankomunitateko kultura arduradun Filgi Claveriek eta kaleko arte eta antzerkian espezializatutako Louhusoko Hameka zentroaren bitartekaritza arduradun Xabina Claveriek euren bitartekaritza esperientzia berrienak azalduko dituzte. Haien bitartekaritza programak hiru zutabe ditu oinarrian -publikoen irisgarritasuna, akonpainamendua eta sentsibilizazioa-, eta bi publikori zuzentzen zaio, bereziki: lehen eta bigarren hezkuntzako eskola umeei eta urrunagoko publikoei (zentro espezializatuetan eta osasun zentroetan egoiliar direnei).

   Amaitzeko, Martín Padrón dantzari, koreografia egile eta La Gomerako Koreografia Zentroaren eta bertako konpainiaren zuzendariak, zentro horrek normalean hartzen dituen egonaldi artistikoei eta egonaldi pedagogikoei buruz hitz egingo du.

BIGARREN JARDUNALDIA

   Jardunaldien bigarren egunean, apirilaren 28an, formatu laburragoan, beste eragile batzuen esperientziak ezagutaraziko dira, besteak beste, Dantzagunea, Dantzabiz, Muelle 3, Ibarrekolanda eskola eta Dantzaz konpainiaren eskutik.

   Halaber, jardunaldien amaieran, ariketa praktiko txiki bat egingo da inguruko eragileekin lan egiteko formula berriez hausnartzeko. Horretarako, bakoitzaren behar, ahalmen eta aukerak identifikatuko dira norbere errealitatera egokitutako antzeko prozesuak diseinatzeko.

   Jardunaldietan parte hartzeko ezinbestekoa da izena ematea (leku kopuru mugatua), Donostia 2016ko webgunean dagoen fitxa betez eta, ordainketa egin izanaren agiriarekin batera, helbide elektroniko honetara bidaliz: mugalariak@dss2016.eu. Parte hartzeko 20 euro ordaindu behar dira, hurrengo kontu korronte zenbakian sartuz: ES57 2095 0611 0191 1464 4781. Prezioak bi egunetako bazkaria barne hartzen du.