Artium museoak 87.104 bisitari izan ditu 2016an, aurrekoan baino %9 gutxiago

Artium
ARTIUM
Actualizado: jueves, 12 enero 2017 13:37

GASTEIZ, 12 (EUROPA PRESS)

Artium Gasteizko Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak 87.104 bisitari izan zituen 2016an, aurreko urtean baino %9 gutxiago, azaroan zoruak aldatzeko erakusketa areto nagusiak itxi izanaren ondorioz, zentroaren arduradunek azaldu dutenez.

Alderdi artistikoari dagokionez, 2016an nabarmentzekoak izan ziren Portoko Udalarekin (Portugal) lankidetzan ekoitzitako "PIGS" erakusketa, Iñigo Royoren eta Marina Nuñezen bakarkako erakusketak, eta Donostia 2016 Europako Kultura Hiriburutzarekin elkarlanean ekoitzitako "1989. Aljerreko elkarrizketen ondoren" erakusketa.

Orobat, "Irribarrearen segada" Artium bildumaren azken aurkezpenari bisitariek egindako harrera ona nabarmendu dute museoaren arduradunek. Beste bi erakusketa azpimarragarri Isidro Lopez Aparicio eta Nerea Lekuona artistenak izan ziren, Praxis programaren barruan.

Zentro-Museoaren jarduerei dagokienez, bisitari guztien %9 hezkuntza programetako ikasleak izan ziren, eta arte eta kultura garaikidean espezializatutako Libutegi eta Dokumentazio Zentroaren erabiltzaileak, berriz, %13. Kultura jarduerek (hitzaldiak zinema zikloak, ikastaroak, arte eszenikoak eta abar), bisitari guztien %23 izan zituzten.

Portzentaje horiek eta erakusketen bisitariak batuz, "ondoriozta daiteke bisitari guztien %79k kultura ekintzaren batean parte hartu zuela Artiumen 2016an", aurreko urtean %75 izan ziren bitartean. Halaber, museoaren erabiltzaile guztien %21ek Artium Point zerbitzuaren jardueretan parte hartu zuen.

BISITARIAREN PROFILA

Bisitarien jatorriari dagokionez, aurreko urteetako joerari eutsi zaio eta erdia Eskal Autonomia Erkidegokoa (EAE) eta beste erdia beste toki batzuetakoa izan zen. Hain zuzen, hamar bisitaritik bat arabarra izan zen, eta atzerritar erabiltzaileak %20 izan ziren, 2015ean bezala. Kopuru osoaren %28 estatuko autonomia erkidegoetatik heldu zen, eta %12 Bizkaitik eta Gipuzkoatik.

Adinaren eta generoaren arabera, Artiumen bisitarien %53 emakumeak izan ziren, eta %47 gizonak. 25-44 urtekoak %35 izan ziren, eta 45-65 urtekoak %32. Horrela, Artiumen bisitariaren eredua Arabako emakume gazte bat da.

Interneti dagokionez, Artiumen webguneek 320.000 bisita baino gehiago jaso zituzten 2016an, aurreko urtean bezalatsu, eta ikusitako orrialdeak 800.000 inguru izan ziren. Bestalde, gizarte sareen erabilera "oso bizia" izan zen iaz ere: Artiumek Facebooken dituen jarraitzaileen kopurua handituz joan da eta 27.000 baino gehiago dira orain, 2015eko 22.000ren aldean; Twitterren ere hazkundea nabarmena izan zen, eta 2015en bukaerako 15.000tik 2016ren amaierako ia 17.000 jarraitzailera igaro da.