Artiumek XXI. mendeko artea eta artistak hobeto ulertzeko ikastaroa antolatuko du

Artium
ARTIUM
Actualizado: martes, 28 febrero 2017 10:44

Francisco Javier San Martin EHUko irakaslea izango da arduraduna eta martxoaren 7an hasiko da

GASTEIZ, 28 Feb. (EUROPA PRESS) -

Artium Gasteizko Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak "XXI. mendeko artearen gida" izeneko ikastaroa antolatuko du, arte sorkuntza garaikideenaren korronte nagusien ezaugarriak eta gakoak azaltzeko asmoz. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Artearen Teoria eta Historiako irakasle Francisco Javier San Martinek emango du eta martxoaren 7an hasiko da.

Sei saiotan banatu da, gaien arabera, eta saio bakoitzean azken 15 urteetako artista ezagunenetako batzuen artelanak aztertuko dira. Guztira, 12 ordukoa izango da, astean bi saio egingo baitira. Parte hartuko duten EHUko ikasleek aukera libreko kredituak lortuko dituzte. Izena emateko epea zabalik dago, eta interesatuek Artiumen web orrian egin ahal izango dute. Ikastaroaren prezioa 60 euro da (30 euro Artiumen adiskideentzat eta ikasleentzat).

Esan bezala, sei satitan egingo da "XXI. mendeko artearen gida" ikastaroa. Gai bat jorratuko da eguneko, eta parte hartzaileek 2000tik honako sorkuntza artistikoaren ezaugarriak eta gakoak ezagutzen ikasiko dute.

Francisco Javier San Martin irakasleak adierazi duenez, "oraindik ere gertatzen ari den historiaz arituko gara. Gertakizunen harian idatziko dugu eta, beraz, artista eta artelanekiko distantziarik gabe. Hemen aurkeztuko denetik ezer ez da behin betikoa, geroak ez baitu oraindik azken hitza esan".

Hizpide izango diren nazioarteko artistetako batzuk ikusgai izan dituzte euren lanak Artiumen bakarkako proiektuetan, esate baterako, Jana Sterbak, Santiago Sierra, Regina Jose Galindo eta Wilfredo Pietro artistek.

"Artea gertakizunen jarioan" da ikastaroaren lehen saioaren izenburua. Historia garaikidearen gertakizunetatik bereziki hurbil dauden artistak eta artelanak izango dira hizpide, Berlingo harresiaren erorketarekin eta New Yorkeko irailaren 11ko atentatuekin hasi eta gaur egungo tirabira geopolitiko, indarkeria, desberdintasun, globalizazio, migrazio eta abarretaraino. Pawel Althamer, Gianni Motti, Mounir Fatmi, Hans Haacke, Thomas Hirschhorn, Mona Hatoum, Adel Abdesemer eta Santiago Sierra artisten lanak aztertuko dira.

Bigarren saioa, martxoaren 8an, artxibo eta dokumentuei eskainiko zaio, zehazki, artxiboaren eta dokumentalaren metodo batzuk -haiek zehaztasunez analizateko eta haien barne mekanismoak aztertzeko- bereganatu dituen arte garaikidearen joera zabal bati. Jana Sterbak, Tacita Dean, Ceal Floyer, Maria Anwader, Miroslaw Balka, Jeremy Diller, Michael Landy, Elisabetta Benassi, Rosângela Rennó eta Pedro Reyes artisten adibideak aztertuko dira.

"Ekintza amaigabea" da hirugarren eskolaren izenburua (martxoak 14). Bertan, performanceak gauden mendean izan dituen iraupena, berpiztea eta askotarikotzea eta mundu osoko artistek garatu dituzten ekintza modu berriak aztertuko dia. Gustavo Artigas, Rirkrit Tiravanija, Adrian Paci, Allora & Calzadilla, Simon Starling, Minerva Cuevas, Regina Jose Galindo, Karmelo Bermejo eta Wilfredo Prieto artistaren lanak aztertuko dira, besteak beste.

MINIMALISMOA

Ikastaroaren laugarren saioak (martxoak 15) "Bomerang minimalista" izena du. Bertan, Iran do Espiritu Santo, Tania Auerbach, Arcangelo Sasolino, Carsten Holler, Cyprien Gaillard, Olafur Eliasson eta Sebastian Vickeroth artisten lanak aztertuko dira, besteak beste. San Martin irakasleak erakutsiko du nola 1960ko hamarkadan sortu zenetik, minimalismoa hizkuntza arrunta bihurtu den arte garaikidean, eta harrezkero nola behin eta berriz itzuli den, itxura desberdinez.

Ikastaroaren azken astea "Objektuak eta ready-made" izeneko saioarekin hasiko da, martxoaren 22an. XX. mendean sortu zenetik, objektuez jabetzea izan da arte garaikidearen beste funtsezko lan lerroetako bat. Ikastaroan, jabetze horrek azken urteetako artean izan dituen aldaketa ugariak aztertuko dira, hirian birkontestualizatzetik hasi eta esanahiaren birformulazioetaraino, tartean diseinua eta seinaletika ukituz. Horretarako, Elmgreen & Dragset, Claire Fontaine, Urs Fischer, Lucy Orta, Nakato Fujasawa eta Jasper Morrison eta Damien Hirst artisten lanak aztertuko dira.

Ikastaroa martxoaren 23an amaituko da, bere ekarpenak egiteko gertakizunen nondik norakoari, artxiboei eta dokumentuei begira egon beharrean arteari begira dagoen artista talde bat aztertuz. "Artea artearen gainean" izeneko saioan, Jonathan Monk, Win Delvoye, Joachim Koester, Yinka Shonibare, Tobias Rehberger, Jeppe Hein, Dominique Gonzalez-Foerster eta Yaima Carranza izango dira aztergai, besteak beste.