ASLEk eta la Caixak gazte lizentziadunei "lehen lan aukera" emateko hitzarmena sinatu dute

Actualizado: viernes, 16 octubre 2015 13:39

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

   Euskadiko Lan Sozietateen Elkarteko (ASLE, gaztelaniazko siglekin) 20 bat lan sozietatek "enpresa munduarekin lehen harremana" izateko aukera eskainiko diete beste horrenbeste gazte lizentziaduni, la Caixaren Gizarte Ekintzaren lankidetzarekin bultzatutako beka baten bitartez. Bi erakundeek sinaturiko hitzarmenari esker, 26 urtetik beherako lizentziadun berriek ingeniaritza, arkitektura, informatika edo dietetika bezalako arloetan lan ibilbidea hasteko aukera izango dute. Hitzarmenak 38.400 euroko aurrekontu saila dauka.

   Juan Pedro Badiola CaixaBank finantza erakundearen Euskadiko eta Kantabriako lurralde zuzendariak eta Josetxo Hernández ASLEko gerenteak sinatutako hitzarmenak lan munduan lehenengo aldiz barneratzeko modua erraztuko die gazte lizentziadunei. Ildo horretan, beka programa honetan parte hartu nahi duten gazteek lanik gabekoak, aldez aurreko lan esperientziarik gabekoak eta Lanbiden lan eskatzaile gisa inkribatutakoak izan beharko dute.

   Finantza erakundeak Euskadiko 2015eko Gazte Enplegu Planaren barruan bultzatu duen bekaren iraupena sei hilabetekoa izango da, azaroaren 16tik maiatzaren 13ra. Bekadunen lan jardunaldia asteko 30 ordukoa izango da gehienez, eta 426 euro kobratuko dute hilero.

   Enplegu programa honetan parte hartzeko interesa dutenek eskaria bidali behar dute formación2015@asle.es posta elektronikora, gaian "CAIXA - ASLE Bekak" jarriz. Eskariarekin batera, curriculuma eta argazki bat ere bidali behar dira, hautagaiaren profila argiro zehaztuz, baita praktikak egiteko nahiago duen enpresaren herria ere.

   ASLEn dauden Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 20 enpresak sinatu dute hitzarmena. Portugalete, Elorrio, Trapagaran, Bilbo, Getxo, Gasteiz, Oiartzun, Legazpia, Pasaia, Azpeitia, Donostia, Tolosa eta Itziarren kokatuta daude enpresak dira, eta, eskatutako lanpostuak, besteak beste, ADE lizentziadunak, kudeaketa arloko informatika ingeniariak, arkitekturako lizentziadunak, informatika eta telekomunikazio ingeniariak eta mekanikako eta mekanika elektronikoko ingeniariak dira. Bekak dirauen bitartean, ASLEk prestakuntza teorikoa emango die beka jaso duten gazte guztiei, adostutako ordutegiaren barruan.