Aste Santuan giro egonkorra espero du Euskalmetek

Actualizado: martes, 11 abril 2017 12:06

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziak Aste Santurako iragarpena berritu du astearte honetan, eta jakinarazi du litekeena dela datozen egunetan presio altuak gailentzea eta horrekin batera giroa egonkorra izatea.

Horrela, datozen egunetan presio altuen eraginpean jarraituko dugu. Presio altuen kokapena dela eta, iparraldeko haizea ibiliko da, egunaren erdiko orduetan bereziki, eta horren ondorioz tenperatura ez da gehiegi igoko. Gainera, litekeena da tarteka behe hodeiak agertzea, egunaren hasieran eta amaieran eta ipar isurialdean batez ere.

Tenperaturari dagokionez, kostaldean maximoak 15-18 gradu artean kokatuko dira seguru aski, eta barnealdean, berriz, litekeena da altuenak 20-23 gradu artean egotea.

Asteburuari begira, oraindik ziurgabetasuna handia bada ere, litekeena da presio altuen eraginpean jarraitzea. Larunbatean, apirilaren 15ean, behe hodeiak agertuko lirateke, batez ere kantauri isurialdean. Igandean, aldiz, presio altu horiek Europa barnealderantz
murgilduko lirateke eta eki/hego-ekialdeko haizea ibilaraziko lukete.

Era horretan, egunaren erdiko orduetan zerua garbiago egongo litzateke eta tenperaturak gora egingo luke. Baliteke astelehenean, apirilaren 17an, hego-haizea nagusitzea, indar handiagoarekin agian, eta ondorioz tenperatura are gehiago igotzea, ipar partean bereziki.