Asteartean irekiko du Bizkaiko Aldundiak Guns N' Roses taldearen kontzertuko sarreren zozketan izena emateko epea

Guns N' Roses
GUNS N ROSES FACEBOOK
Actualizado: lunes, 20 febrero 2017 12:12

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Bizkaiko Foru Aldundiak gogoratu duenez, asteartean, otsailaren 21ean, goizeko 09:00etan irekiko da Guns N' Roses taldeak maiatzaren 30ean San Mames futbol zelaian eskainiko duen kontzertuko 125 sarreren zozketan izena emateko epea. Bizkaian bizi den edozein pertsonak parte har dezake zozketan, eta horretarako izena eman behar du www.bizkaia.eus webgunean, martxoaren 14a baino lehen.

Sarreren zozketa -pistako 74 eta harmailetako 51- notario aurrean egingo da, martxoaren 21ean, eta streaming bidez ere jarraitu ahal izango da web orri berean. Sistema informatiko bat erabiliz, hurrenez hurrengo 61 zenbaki aterako dira, eta haien artean 58 sarrera bikoitz eta hiru sarrerako hiru sorta banatuko dira.

Sarreren behin behineko esleipena Bizkaiko Aldundiaren webgunean argitaratuko da, eta saridunei posta elektronikoa erabiliz jakinaraziko zaie, baita telefonoz ere, datuak egiaztatzeko. Saririk lortu ez duten zenbakiek ordezkoen zerrenda osatuko dute, zozketan ezarritako hurrenkeraren arabera.

Guns N' Roses talde estatubatuarra "Not In This Lifetime Tour" izeneko bira egiten ari da munduan zehar, eta Bilbora ere helduko da, San Mames Berrian egingo den lehenengo kontzertua eskaintzera. Hain zuzen ere Bizkaiko Foru Aldundiaren babesareki antolatu da, foru erakundeak zelaia erabiltzeko eskubidea baitu San Mames Berriaren jabeetako bat delako.