BILBO 24 May. (EUROPA PRESS) -
Asteburu honetan ezagutuko da nortzuk diren 'Teknopolis' telebista-saioaren programa berezian On Zientzia dibulgaziozko bideoen lehiaketa amateurraren irabazleak. Irabazleen izenak larunbat eguerdiko 12:45ean (ETB1-en) eta igande goizeko 11:55ean (ETB2-n) ezagutuko dira. Aurtengoa bigarren lehiaketa da, eta, iaz bezala, hiru kategoria izan ditu: lehen saria, bigarren saria eta hirugarren saria.
On Zientzia Elhuyar Fundazioak eta Donostia International Physics Center (DIPC) zentroak elkarlanean antolatzen dute, eta publiko mota guztientzat baliagarriak diren zientzia eta teknologiari buruzko bideo labur eta originalen ekoizpena eta hedapena bultzatzea du helburu, Elhuyarren jakinarazi duenez.
Iaz bezala, aurten ere parte-hartze handia izan du lehiaketak. Guztira 48 lan aurkeztu dira, eta oso maila altuko lan izan dira. Parte-hartzaileen artean ikasleak, irakasleak eta teknologia-zentroetako ikertzaileak izan dira batik bat.
Gaietan anitzak izan dira aurkeztutako bideoak: dokumental itxurako irudi natural ederrak dituzten lanak, laborategiko esperimentuak, eskulanekin egindako bitxikeriak, marrazki bizidunak eta abar. Lanen jatorriari dagokionez, Bizkai eta Gipuzkoatik iritsi dira batez ere, baina Bartzelona, Madril, Valentzia, Londres eta Hegoamerikatik iritsi direnak ere badaude.
Hauek izan dira On Zientzia bideo-lehiaketaren epaimahaikideak:
Marian Iriarte EHUko kimika irakaslea eta dibulgatzailea, Alberto Gorritiberea zinema-zuzendaria, Onintze Salazar Euskalmeteko fisikaria, Nora Gonzalez Fisikan doktorea eta DIPCko komunikazio-arduraduna eta Beñar Kortabarria 'Teknopolis' telebista-saioko zuzendaria eta Elhuyarren ordezkaria.