Ataunen abian jarritako ibilgailu elektrikoak alokatzeko proiektua Beasain, Ordizia eta Lazkaora zabaldu da

Actualizado: lunes, 28 marzo 2011 16:09

DONOSTIA, 28 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ataunen gaur egun martxan dagoen ibilgailu elektrikoak alokatzeko zerbitzua Beasain, Ordizia eta Lazkaora zabaltzeko proiektua aurkeztu dute gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kutxak, Iberdrolak, FCCk eta Ennerak (lehen, Ibaia energia).

Ordizian izandako aurkezpen ekitaldian, erakundeen eta Sarecar proiektuaren enpresa sustatzaileen ordezkariek zerbitzu horren kudeaketaren optimizazioa eta sozietate baten eraketa aztertzeko konpromisoa hartu dute.

Ekitaldian izan dira Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano, Kutxa Fundazioko zuzendari-laguntzaile Mikel Irizar, Iberdrolaren bezero nagusien eta enpresen zuzendari Eduardo Insunza, FCCko eraginkortasun eta iraunkortasuneko zuzendari Carlos Urcelay, Ennera Energiako zuzendari nagusi Agustin Iturrioz, Ordizia, Ataun eta Lazkaoko alkate Jose Miguel Santamaria, Bittor Oroz eta Patxi Albisu, hurrenez hurren, eta Beasaingo alkateorde Aitor Aldasoro.

Gaur egun, Sarecar zerbitzuak bost ibilgailu elektriko eta kargatzeko bost puntu ditu Ataunen eta, beraz, ibilgailua udalerrian bertan jaso eta entregatu daiteke. Sarecar zerbitzua Beasain, Ordizia eta Lazkaora zabalduko da, eta Goierriko lau udalerri horien arteko alokairu zerbitzuaren konexioa ahalbideratuko du.

Hedapen hori bi fasetan egingo da. Lehenengoan, udalerri bakoitzak bere ibilgailuak izango ditu eta modu independentean funtzionatuko du, "irla" modura, udalerriko oinarrizko zerbitzua bermatzearren. Bigarren fasean, "irla" ezberdin horietako ibilgailuak partekatu ahal izateko sistema bat garatuko da, eta horrela, udalerri batean ibilgailu bat hartu eta Sarecar zerbitzua duen beste batean uzteko aukera izango da.

Sarecar sistemaren barruan dauden udalerri berrietan bost ibilgailu jarriko dira eta horiek kargatzeko bost estazio. Erabilgarri izango dira udaberri honen amaieratik aurrera. Proiektu pilotuak urtebeteko iraupena izango du, eta emaitzak eta bideragarritasuna ezagutu ondoren, beste herri batzuetara zabaldu ahal izango da. Horrela, gehitu egingo da zerbitzuaren erabiltzaile kopurua eta negozio plan bat garatu ahal izango da, esperientziatik eta jarritako azpiegituratik abiatuta.

SOZIETATE BERRIA SORTU

Beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Iberdrolak, Kutxak, FCCk eta Ennerak zerbitzu hori ahalik eta modu egokienean kudeatzeko behar diren azterlanak egiteko konpromisoa hartu dute eta, behar bada, Sarecar sistema kudeatuko duen sozietate bat sortzeko behar diren tramiteak; izan ere, kontuan hartuta Gipuzkoako udalerri gehiagotan jarri daitekeela zerbitzu hori, egokitzat jo da kudeaketa independentea bultzatzea.

Sarecar proiektuak, orokorrean, 1.066.000 euroko aurrekontua du eta horietatik 700.000 euro Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri ditu (400.000 euro Ataungo lehen fasean eta 300.000 euro proiektua aipatutako udalerrietara zabaltzeko), Kutxak 200.000 euro, Iberdrolak 83.000 euro eta Fcc-Fomento de Contrucciones y Contratas enpresak 83.000 euro.

Proiektua Goierriko eskualdean zabaltzeko aurkezpen ekitaldian, Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok ekimen horren lankidetza publiko eta pribatua azpimarratu du, mugikortasun iraunkorra bultzatzeko Aldundiak azken urteetan egin duen apustuari jarraituz.

"Apustu bat egin genuen mugikortasun sistema berri bat garatzeko, Lurraldebus garraio publikoaren bitartez finkatu dena, eta gaur, ekimen horri esker, beste balio bat erantsi diegu mugikortasun aukerei. Espero dut sistema hori lurraldeko gainerako tokietara ere zabaltzea eta, beraz, Gipuzkoan ondo garatzen ari garen mugikortasunaren sistema integralaren barruan sartzea", azaldu du.

Bestalde, Kutxa Fundazioko zuzendari-laguntzaile Mikel Irizarrek nabarmendu duenez, "orain arte izan dugun eta, zalantzarik gabe, etorkizunean izango dugun inplikazio finantzarioa eta soziala, betiere zerbitzuak eta Gipuzkoako gizartearen bizitza hobetzeko helburuarekin".

Bestalde, Iberdrolak eta proiektuan sartu berria den FCC enpresak beraien gain hartu dute elkarlanean obra zibila egiteko ardura eta kargatzeko hiru estazio Beasain, Ordizia eta Lazkaon jartzeko konpromisoa.

Iberdrolaren bezero nagusien eta enpresen zuzendari Eduardo Insunzak jakinarazi du Iberdrolak Sarecar proiektua aurkeztuko duela Bruselan, mugikortasun elektrikoaren ereduzko praktika gisa.

"Datorren martxoaren 31n Iberdrolak Sarecar proiektua aurkeztuko du Bruselan, eta elektromugikortasun alorrean Europan gauzatu den esperientzia berritzaileenetako bat izango da. Teknologia bateragarri eta estandaritazuen erabileraren bidez sistema erabilgarrien garapenaren aldeko apustua egingo dugu, eta horrela, adibidez, Finlandiako ibilgailu bat erabilgarri izan daiteke Goierriko azpiegituretan edo alderantziz", esan du Eduardo Insunzak.

Halaber, partikular eta enpresetarako energia eta mugikortasunari buruzko soluzio iraunkorrak eskaintzen dituen eNNera enpresako Agustin Iturriozek Sarecar proiektua gauzatzeko bidea eman duen teknologia garatzeko erronka azpimarratu du.

"Mobera da soluzioa, proiektuaren zati guztiak lotu eta kudeatzen dituena, erabiltzaileak zerbitzu hori modu erraz eta intuitiboan erabil dezan". Moberak teknologia modernoenak kudeatzen ditu, hala nola, auto elektrikoak, kargatzeko puntuak eta energia berritzaileak. Izan ere, eNNerak apustu garbia egin du mugikortasunaren ereduaren alde, eta konbentzituta gaude gure hirietako errealitate bihurtuko dela laster", adierazi du.

Azkenik, Ordiziako alkate Jose Miguel Santamariak Goierriko udalerrietarako ekimen horrek duen garrantzia azpimarratu du. "Gure lurra eta gure herriak jarri ditugu SARECAR proiektuaren zerbitzura, mugikortasunaren eta garapen iraunkorraren aldeko zerbitzu berritzaile bat zabaltzeko aukera baitugu. Goierriko eskualdea beti izan da erreferentea berrikuntzaren aldeko apustuan eta, kasu honetan, apustua zorrotz lotuta dago zerbitzuen kalitateari eta udalerrien arteko konexioari", esan du.