Ate irekien jardunaldi berri bat antolatu du ostegun honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak

Imanol Lasa
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: lunes, 21 agosto 2017 16:31

DONOSTIA, 21 (EUROPA PRESS)

Ate irekien jardunaldi berri bat egingo du Foru Aldundiak ostegun honetan, hilak 24. Bisita gidatua egin ahal izango dute hala nahi dutenek, foru jauregia eta bertako areto azpimarragarrienak ezagutuz.

Hango objektu, margolan eta elementu nagusien bitartez, ibilbidea egin ahal izango dute historian eta arkitekturan barrena. Era berean, Aldundiaren, Batzar Nagusien, horien eskumenen eta antolaketa administratiboaren inguruko azalpenak jaso ahal izango dituzte.

Doan dira bisitak, ordubete eta hamabost minutu inguruko iraupena edukiko dute eta bi txandatan egingo dira, goiz eta arratsaldez, ordutegi hauekin: 10:00ak (euskaraz), 11:30ak (frantsesez/ingelesez), 13:00ak (gazteleraz), 16:00ak (euskaraz) eta 17:30ak (gazteleraz). 30 laguneko taldeetan antolatuko dira bisitak, gehienez.

Kanpoko aldean hasiko dira, eta ondoren ohorezko solairuan jarraituko dute, han baitaude obra nabarmen gehienak. Amaieran, dibulgazio eskuorria banatuko zaie parte-hartzaileei, zein harrera gunean ahalko den eskuratu ere.

Bisitan zehar, Aldundiaren jatorriaren, eskumenen eta jardueraren berri ematen duen bideoa ikusi ahal izango da. Gipuzkoa@gipuzkoa.eus helbidera idatziz, 943-112111 telefonora deituz, edo foru jauregiko harreran bertan eman daiteke izena.

HIRUGARRENA

Aldundian antolatzen duen hirugarren ate irekien jardunaldi berezia izango da, joan den urteko abuztuan -273 bisitarirekin- eta abenduan -127- egindakoen ondoren. Plazak agortu ziren bietan.

Asmoa dago hitzordua errepikatzen jarraitzeko urtean zehar, data esanguratsuekin bat eginik -Gabonak, Aste Santua...- Jardunaldi berezi hauetatik harago, aurrerantzean ere izango da Aldundia barrutik zagutzeko beste hainbat aukera nahi duenarentzat. Izan ere, iazko apirilaz geroztik, Aldundiak bisita gidatuen zerbitzua eskaini ohi du, norbanakoei, zein kolektibo ezberdinei
zuzendua: Bigarren Hezkuntzako ikasleak, Zientzia Politikoak eta Soziologia, Zuzenbidea, Komunikazioa, Artea, Turismoa edota Arkitektura ikasleak, erretiratuak, eta bestelako
elkarteak (ikusi ordutegiak).

"Aldundia gipuzkoar guztion etxea da eta dei egin nahi diegu ezagutu dezaten", nabarmendu du Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak.

Harrera "bikaina" eduki du ekimenak herritarren artean, orain arte, 1.162 lagunek hartu baitute parte bisitetan. Bisitak amaitzerakoan, asebetetze inkesta egiten zaie parte-hartzaileei, eta bertan jasotako iritziak ere oso positiboak izan dira. Formatuan eta antolaketan hobekuntzak egiteko kontuan hartu dira ekarpen hauek.

Aldundiak legealdi hasieratik martxan jarri duen gardentasun politika orokorraren barruan kokatu du jardunaldia Lasak. "Bisitak begi-bistako interesa dauka historia, arte edo arkitektura ondarearen ikuspegitik, bai eraikinak eta baita bertan dauden elementuek balio handia baitute. Sorpresa ugari gordetzen dituen altxorra da foru jauregia. Baina hortik abiatuta, deialdi honen xede nagusia erakundea, bere jarduera eta bere ibilbidea herritarrei eta bisitatzen gaituztenei gerturatzea da. Ate eta leihoak irekitzeko ariketa hori fisikoki egin nahi dugu, politikoki irekitasunaren alde egiten ari garen apustua irudikatuz. Paradoxikoki, Aldundiak bost mende baino gehiagoko historia duen arren, eta garrantzi handiko eskuduntzak eduki arren, ezagutza falta handia dago oraindik bere inguruan. Badago oraindik ere zeregina", azaldu du.

Hala, gogorarazi duenez, bisitan ezagutuko diren espazio asko, hala nola tronu aretoa edo kontseilu aretoa, "Gipuzkoaren antolaketa instituzionalaren eta historia politikoaren lekuko dira, gure autogobernuarena, gure ibilbidea markatu duten gertaera eta pertsonena. Gipuzkoarrontzat berebiziko garrantzia eduki duten erabakiak eta neurriak onartu dira bertan, eta jarraitzen dira onartzen: aurrekontuak, ekonomia, eta enplegua sustatzeko egitasmoak, ongizate eta zerga politikak, eta abar".