Atxilotuta Bilbon indarkeria eta larderiaz gazte bati mugikorra lapurtzeagatik

Actualizado: lunes, 1 septiembre 2014 14:30

BILBAO, 1 Sep. (EUROPA PRESS) -

Gizonezko bat atxilotu zuten Bilbon igande goizeko bederatziak jo ondoren indarkeria eta larderiaz egindako lapurreta-delitu bat egotzita, gazte bati mugikorra lapurtu baitzion, Eusko Jaurlaritzako Segutasun Sailak astelehenean jakinarazi duenez.

Igande goizeko bederatziak eta gero, herritar batek Ertzaintzari jakinarazi zion Trenbideko etorbidean telefono mugikorra eskuetatik lapurtu ziola gizonezko batek indar handiz bultzatu ondoren. Horrez gain, jarraitzera ausartzekotan "zulatuko" zuela ere mehatxatu zuen. Erasotzaileak Zankoeta kaletik egin zuen ihes.

Ertzaintzako patruila bat herritarrarekin jarri zen harremanetan handik gutxira; hala, gertaerak berriro adierazteaz gain, ustezko erasotzailearen arroparen berri eman zien ertzainei.

Biktimarekin hitz egin ondoren, patruila Zankoeta kalerantz abiatu zen, eta laster, susmagarriaren itxurarekin bat zetorren gizonezko bat topatu zuten. Hura atzeman ostean, biktima bertaratu zen eta ustezko lapurra zela baieztatu zuen. Soinean lapurtutako telefono mugikorra aurkitu zioten ertzainek.

Susmagarria identifikatu ondoren, 20 urteko gizonezko bat, ertzainek atxilotu egin zuten, indarrez eta larderiaz lapurreta egitea egotzita, eta ertzain-etxera eraman zuten jarraian.