Atxilotuta Donostia eta Pasaia artean hirigunetik mozkorturik eta abiadura handian gidatzeagatik

Actualizado: martes, 19 agosto 2014 18:21

BILBAO, 19 Ago. (EUROPA PRESS) -

Gizonezko bat atxilotu dute gaur goizaldean, bide-segurtasunaren aurkako delitu bat egotzita, Donostia eta Pasaia artean hirigunetik mozkorturik eta abiadura handian gidatzeagatik, semaforoak gorri zeudenean gelditu gabe, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila jakinarazi duenez.

Gaur astearte goizaldeko bostak aldean hasi dira gertaerak. Aurreko ibilgailua modu irregularrean eta gorri zeuden semaforoetan gelditu gabe zihoala ikusi du Ertzaintzako patruila batek Donostiako Nafarroa hiribidean.

Aipatutako ibilgailuak, Seat Ibiza batek, Ategorrieta hiribiderantz jarraitu du, eta gelditu egin da han patruilak egindako soinu- eta argi-seinaleei kasu eginda. Ertzainek autoaren alboko bi gurpilak zulatuta zeudela ikusi dute orduan. Gidariak, gainera, alkoholaren eraginpean egotearen sintoma nabariak zituen.

Automobila galtzadatik kanpo aparkatzeko esan arren, gidariak entzungor egin eta ihes egin du abiadura bizian, aurreko modu berean, hau da, ausarkeriaz eta abiadura handian, eta tarte batzuetan baimendutako gehienekoa bikoiztu ere egin du.

Ihesi jarraitu du era horretan, zirkulazioaren segurtasuna arrisku larrian jarrita, harik eta Pasai San Pedroko herrigunean Euskadi hiribidetik sartu den arte. Une oro gelditzeko agindu dion Ertzaintzako patruilak atzeman du hiribide horretan azkenean. Gidariak positibo eman du egin dizkioten alkohol-probetan. Horren ondorioz, atxilo hartu dute bide-segurtasunaren aurkako delitu bategatik eta agenteei jaramonik ez egiteagatik.