Atxuri eta Ollerietagoiena lotzen dituen igogailu inklinatu berria martxan da Bilbon

Udal arduradunak igogailu berritik irteten
BILBOKO UDALA
Actualizado: martes, 7 marzo 2017 14:48

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak Atxuri eta Ollerietagoiena lotzen dituen igogailu inklinatu berria abian jarri du astearte honetan, "Atxuri auzoan irisgarritasun unibertsala egon dadin beste urrats bat emanez". Guztira, 852.000 euro inbertitu dira.

Igogailuaren inaugurazioan izan dira Juan Mari Aburto alkatea, Ricardo Barkala Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotzia eta Alfonso Gil Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzia, udaleko beste ordezkari batzurekin batera.

Igogailu berria jasogailu inklinatua da eta beiraz hornitua dago. 50 metroko distantzia eta 12 metroko inklinazioa gainditzen du. 25 pertsona sartzen dira eta, hiriko gainerako igogailuen modura, zaintzarako eta komunikaziorako sistema bat dauka. Igogailua bost metroko zabalerako eskaileren tarte batean sartu da; tarte hori berregokitu egin da lanen ondoren.

Atxurik orografia zaila dauka, Zazpi Kaleen, Solokoetxeren eta Santutxuren artean sartuta baitago. Hori dela eta, zenbait konbinazio egin behar izan dira auzoan irisgarritasun unibertsala ezartzeko. Igogailu berriaren osagarria da auzoko kiroldegia eta balio anitzeko kantxa Begoñako Errepublika kalearekin lotzen dituen igogailu bertikala; azken hori abenduan jarri zen abian.

Aldi berean, Bilboko Udalak Enkarnazio eta George Steer kaleak lotuko dituzten bi igogailuren kontratazioa hasiko du. Gainera, beste azpiegitura bat dauka aurreikusita Zabalbide kaleko goiko aldea eta Basobidean egingo diren etxebizitzak lotzeko. Halaber, 2017an beste igogailu bat egingo da Miribillan eta beste igogailu inklinatu bat Santutxuko Laurencin Markesaren kalean.